Izen ona?

2002ko azaroaren 13an, Bahametako bandera zuen petrolio-ontzi batek laguntza-dei bat egin zuen Fisterratik kilometro gutxira. San Petersburgotik Gibraltarrerako bidean zihoala, denborale handi baten erdian kalte handiak izan zituen. Itsas-salbamenduaren erantzuna kostaldetik urrun atoian eramatea izan zen, Atlantikora, baina azaroaren 19an bitan zatitu zen, ozeanoaren gaineko fuel-olio isuria larriagotuz eta berealdiko krisi ekologikoa sortuz: 63.000 tona petrolio isuri ziren eta Espainiako, Portugalgo eta Frantziako 1.137 hondartza kutsatu ziren —2.980 kilometro inguruko kostaldea—, bereziki Galizian. Nahasmendu handiaren erdian, herritarrak antolatu ziren kalteei nola edo hala aurre egiten saiatzeko.

Zenbait politikariek “haritxo beltz batzuk” ikusten zituzten tokietan, beste guztiek ondorio itzulezinak ikusten genituen. Federico Trillo artean Espainiako Defentsa ministro zenak onartu zuen Prestige hondoratzeko eta fuela erretzeko ontzia bonbardatzea aztertu zutela, antza, serioski. Gaizki egin zitekeen guztia gaizki egin zuten ontziaren istripuaren kudeaketan zuzeneko ardura eta erantzukizuna izan zutenek. Ebidentzia zientifikoaren kontra hartu zituzten erabakiak, berandu eta koordinaziorik gabe, epe laburrari begiratuta eta kalapita haren ondorio politikoetatik lehenetsita. Eta huts egin zuten, nabarmenki.

Gurean ere eragin handia izan zuen Prestige itsasontziaren istripuak, baina euskal kostaldean prebentziotik lan egin zen, bereziki arrantzale ugariren esku-hartze goiztiarrari esker. Kostaldera iritsi aurretik fuela biltzeko antolatu ziren eta gerora egindako ikerketek diotenez, isuritako guztiaren erdia jaso ahal izan zen itsasoan, 21.000 tona inguru (ontziak zituen 77.000 tonetatik). Horien % 60 birziklatu eta berreskuratu ziren, eta munduan zehar horrelako istripuak ebaluatzen zituzten nazioarteko elkartearen iritziz, estandar berri bat ezarri zen, era honetako krisietan erantzuteko eredugarri izan baitzen. Kalteak ahalik eta gehien murriztea lehenetsi zen, eta asmatu egin zuten.

20 urte dira orain bitan egiten ikusi genuela, orbana hedatzen ikusi genuela, kudeaketa-eredu erabat kontrajarrien ondorioak pairatu genituela. Kasko bakarreko era horretako ontzirik ez da geroztik ekoitzi, eta babes-neurri zorrotzagoak hartzen dira, istripuen aurrean erantzun-protokolo estandarizatuak eta koordinazio-neurriak aldez aurretik finkatuta. Itsasoz garraiatzen den petrolioaren bolumena orduan baino askoz handiagoa da, baina istripu handi eta txikiak nabarmen gutxitzea lortu da.

Prestige izenetik “izen ona” edo “egindakoarengatik irabazitako ospea” bezalako kontzeptuak eratortzea ez da astakeria, ez da? Semantikoki, bederen, erroari begiratuta, horrela beharko luke. Nire belaunaldikoentzat, ordea, beste zerbait dakar aipatze hutsak: “txapapote” hitza ikasi genuenekoa, edota itsas-hegaztiak geruza beltz likatsuaz estalirik ikusi genituenekoa. Prestige petrolioa garraiatzen zuen itsasontziaren izena baino gehiago da: orban beltz handi bat da, ingurumenari egindako kalteak nekez berreskuratzen direla gogoratzen diguna, batetik, eta arazoak kudeatzeko modu desberdinen arteko ikaspena, bestetik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK