Neurri Berri On!

Joan den astean, Espainiako Ministroen Kontseiluak neurri-multzo berria aurkeztu zuen gehiagora joan daitekeen krisiari aurre egiteko plan gisa. Neurrien artean, elikagaien prezioen edo alokairuen igoeraren ondorioak arintzeko proposamenak aurkeztu zituzten eta, oro har, neurri aurrerakoiak dira. Hala ere, administrazioaren interkonexio ezak eta inefizientzia teknologikoak onartzen ez dituen norbanakoaren egoerari erreparatutako neurri eta baldintzak aplikatzea botatzen dut faltan. 

Elikagaien prezioen igoeraren eragina geldiarazteko proposatu diren neurrien artean entzutetsuena 200 euroko txekea izan da, urteko 27.000 eurotik beherako errenta duten familiei laguntzeko dirulaguntza.  Erosketekin zerikusia duen beste proposamen bat gure erosketetan egoten diren produktu batzuei BEZa jaistea izan da. Haien artean, premiazko diren elikagaiei %4tik %0ra jaitsiko zaie BEZa, eta olioa eta pasta %10etik %5era jaitsiko dira. BEZa jaistearena oso popularra izan da beti politikan baina herritarren patriketan gutxi nabaritzen dena, zoritxarrez; izan ere, neurria aplikatzerako orduan produktu mota bakarrik kontutan izan beharrean, norbanako eta familien errenta egoera ere gehitu beharko litzateke ekuaziora. Bi datu-aldagai hauek gurutzatzeko aukera izango bagenu - nork eta zer erosten duen - BEZaren jaitsieraren mailakatzen justuago bat eraikiko genuke, baina XXI. mendean oraindik zaila da horrelako kooperaziorik aurkitzea sektore ezberdinen artean.

Etxebizitzari dagokionez, sei hilabeteko luzapena egongo da alokairuaren prezioan, 2023ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen diren kontratuetan. Bestalde, alokairuaren kontratuen urteko eguneraketari %2ko muga jarriko zaio. Azken honi erreparatuta, etengabeko prezioen igoerari txorrota gutxitzea ahalbidetzen duen neurri hau epe motzean baliagarria izan daiteke alokatzaileentzat, baina epe luzera gaizki zahartzen den horietako neurri bat delakoan nago eta nahikoa izango ez dena. Datu bat ematearren, Espainiako Bankuaren arabera, 2020an Estatuan alokairuan bizi ziren pertsonen %48,7 pobrezia-arriskuan edo gizarte-bazterketako arriskuan zeuden, Europar Batasuneko ehunekorik altuena izanik.  Eta honi, gazteek emantzipatzeko duten zailtasun edo ezintasuna gehituta… badago zer egina.

Beste neurri batzuen artean, denok zain geunden albistea jaso dugu: Gobernuak kendu egin du erregai litro bakoitzeko 20 zentimoko deskontuaren izaera orokorra, eta garraiolari eta gidari profesionalentzat bakarrik mantenduko du. Pandemian komuneko paperarekin edo Ukrainako gerra hasi zenean olioarekin gertatu zen bezalaxe, gasolinarekin beste hainbeste gertatuko delakoan nago. Histeria kolektibo hauek ohituta gaituzte, askok parte hartzeko zalantza egiten dugu, eta ziklikoak dira baina ez dugu inoiz ikasten. Gasolina bidoiak bete beharrean, txip aldaketa bat egitera luzatzen zaigu gonbita: 2023an garraio publikoaren erabilera areagotu dezagun, merke aterako zaigu gasolina. 

Oraindik ere beste hainbat neurri geratzen zaizkigu lantzeko: etxegabetzeena, erretiro aktiboarena, nekazariei emango zaizkien dirulaguntzena, gutxieneko diru-sarrera eta kotizazio gabeko pentsioei aplikatzen zaizkien neurriena, etab. Zutabe honek ez du gehiagorako espaziorik ematen baina ziur naiz EnpresaBIDEAko kazetari eta kideek fin-fin jorratuko dituztela neurriok eta izango dutela zer esan eta landua datozen asteetan.

UrteNeurri Berri on!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK