Euskadin egingo da 2023ko industria ondarearen Europako sarearen urteko konferentzia

Europako Kontseiluak sortutako sare honen helburua da Europako historia industriala balioan jartzea

Javier Hurtado Turismo sailburua eta Christiane Baum ERIHko idazkari nagusiak berretsi dute erabakia | Argazkia: Irekia Javier Hurtado Turismo sailburua eta Christiane Baum ERIHko idazkari nagusiak berretsi dute erabakia | Argazkia: Irekia

ERIH Industria Ondarearen Europako Ibilbidea izeneko sareak Euskadin egingo du 19. batzarra, 2023koa. Hala berretsi dute Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Christiane Baum ERIHko idazkari nagusiak. Ikusteko dago data eta toki zehatza zein izango diren, baina udazkenean egin ohi da konferentzia. Hurtadoren ustez, konferentzia EAEn egitea garrantzitsua da "gure memoria bizirik mantentzeko apustua berresteko, eta bisitariari eskaintza anitzagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko".

Arestian aipatutako sarea Europako Kontseiluak sortu zuen kontinente zaharreko ondare eta historia industrialaren funtsezko guneak lotu eta turismo industriala bultzatzeko asmoz. Egun, Europako 50 herrialdetan dauden 2.000 gune baino gehiagok osatzen dute ibilbidea. Horietatik 112, aparteko lekutzat aitortzen dira. Euskadin hiru dira: Encartada (Balmaseda), Trenbidearen Museoa (Azpeitia) eta Añanako Gatz Harana.

Konferentziak ondare industrialari lotutako Europako eragile ugari bildu ohi ditu, museoak, turismoari lotutako instituzioak, ondarean aditu diren erakundeak, etab. Aurtengo edizioa Esch-sur-Alzetten, Luxenburgon, egingo da 2022ko urriaren 19tik 21era. Online ere jarraitzeko aukera eskainiko dute, eta industria ondarea kontatzeko erronkak izango ditu hizpide, datorren industria iraultzaren testuinguruan. "Ondare kulturalaren helburua ez da gure iragana babestea, gure etorkizunari forma ematea baizik", jasotzen dute paperrak aurkezteko deialdian. Hain zuzen, datorren ostegunera arte zabalik dago paperrak aurkezteko epea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK