Hauteskunde legegileak Ipar Euskal Herrian

Igande honetan izango da lehen buelta, eta ekainaren 19an bigarrena. Zer diote alderdien programek etxebizitzari, erretiroari edo zerbitzu publikoei dagokienez?

Argazkia: Aitor Zabaleta Argazkia: Aitor Zabaleta

Frantziako Asanblada Nazionala osatzen duten 577 parlamentaritatik hiru hautatuko dira Ipar Euskal Herrian dauden beste horrenbeste barrutitan. Apirileko presidentzialetan Emmanuel Macron gailendu ostean, bere legealdia baldintzatu dezakeen ganbera osatuko da datozen bi igandeetanegingo diren hauteskunde legegileetan. Ezkerreko koalizio berriak —NUPES: Intsumituak, Alderdi Sozialista, Ekologistak eta Komunistak— presidentzialen hirugarren itzuli modura saldu du hitzordua, eta V. errepublikaren historian hirugarren aldiz elkarbizitza bultzatzea dute helburu. Bestela esanda, Macronek asanbladan gehiengoa izan dezala ekidin nahi dute.

Biztanle kopuruaren arabera osatzen diren hiru barruti daude gurean. Pirinio Atlantikoen 6. barrutia Lapurdiko kostako 25 herrik osatzen dute, Hendaiatik Miarritzeraino eta barnealdean Itsasuraino, eta 133.000 biztanle inguru ditu. 5. barrutia Angelu eta Baionatik hasi eta, ekialderantz, Aturri ibaiaren ibarrean barna Bidaxuneraino iristen da. Biztanle kopuru antzekoa du honek ere. Azkenik, 4. barrutiari dagokionez, azaleraz handiena bada ere —Lapurdi barnealdea, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko hainbat bailarek osatzen dute— biztanle kopuru txikiena duena da, 99.000 eskas.

Bost bloke nagusi

Barruti bakoitzetik parlamentari bana hautatuko da ekainaren 19an. Lehen itzulian hautesle-erroldaren %12,5 gainditzen dutenak lehiatuko dira bigarren itzulian, gehienetan bi bozkatuenak eta kasurik borrokatuenetan hiru hautagai izan ohi dira. Gaur egun, 5. eta 6. barrutian Florence Lasserre eta Vincent Bru dira batzarkideak, hurrenez hurren, biak ala biak Macronen gehiengo presidentzialeko (Ensemble) kide eta oraingoan ere hautagai. 4. barrutian, 20 urtez gailendu izan den Jean Lassalle Biarnotar zentrista eta landa eremuko ordezkaria ez da berriz aurkeztuko.

Barruti bakoitzean bederatzi eta hamabi hautagai artean aurkeztu badira ere, lau edo bost bloke nagusi daude: Ensemble (Elkarrekin) gehiengo presidentzialaren hautagai Macronistak; NUPES estatu mailako ezkerreko koalizioa; EH Bai ezkerreko koalizio abertzalea, azken urteetan ezkerreko alderdi bozkatuena Ipar Euskal Herrian; Rassemblement national (Batasun nazionala) eskuin muturreko Le Pen-en alderdia; eta Les Républicains edo eskuin tradizionala, soilik 6. barrutian aurkeztuko dena. Bestalde, 4.ean, Julien Lassalle Résistons (Eutsi dezagun) egungo diputatuaren anaia Bianotarra ahaleginduko da erreleboa hartzen.

Bigarren etxebizitzari mugak?

Azken 30 urteetan etengabe hazi da bigarren etxebizitzen kopurua Ipar Euskal Herrian (kostaldeko hainbat herritan % 50etik gertu, eta oro har % 21 dira). Biztanleen kezka iturri eta kanpainako gai nagusietako bat bihurtu da etxebizitzarena, batez ere azken bost urteetan bizi izan den prezioen igoera esponentzialagatik eta alokairu turistikoen lehertzeagatik (funtsean Airbnb gisako plataformen hedatzearekin eskutik).

Azken 30 urteetan etengabe hazi da bigarren etxebizitzen kopurua Ipar Euskal Herrian (kostaldeko hainbat herritan % 50etik gertu, eta oro har % 21 dira). Biztanleen kezka iturri eta kanpainako gai nagusietako bat bihurtu da etxebizitzarena, batez ere azken bost urteetan bizi izan den prezioen igoera esponentzialagatik eta alokairu turistikoen lehertzeagatik (funtsean Airbnb gisako plataformen hedatzearekin eskutik).

Biztanleen kezka iturri eta kanpainako gai nagusietako bat bihurtu da etxebizitzarena, batez ere azken bost urteetan bizi izan den prezioen igoera esponentzialagatik eta alokairu turistikoen lehertzeagatik

Diagnostikoan hautagai guztiek bat egiten dute, eta hainbat neurriren gainean ados daude, besteak beste, bigarren etxebizitzei zergak igotzeko beharrean, eta epe luzeko alokairuen fiskalitatea arintzekoan, jabeentzat aterabide turistikoa baino interesgarria izan dadin. Hala ere, badira batzuen eta besteen arteko ñabardurak.

EH Baik urteak daramatza egoera hau salatzen eta beraien proposamena da iraultzaileena: egoiliar estatutua. Honen bitartez, bertan bizi eta lan egiten dutenek etxe bat erosi edo alokatzerako garaian lehentasuna izatea arautu nahi dute. NUPESek egoiliar estatutuarekin bat egiten ez badu ere, espekulazioaren aurkako borrokan eta prezioen erregulazioan ados daude ezkerreko bi koalizioak. Macronistak, ordea, gehiago eraikitzearen aldekoak dira, eskaintza handituz prezioak jaitsiko direla argudiatuz, betiere landa eremua errespetatuz eta etxebizitza soziala lehenetsiz.

Erretiroaren auzia

Macron presidentearen erreforma edo zutabe nagusienetako bat da. Egun 62 urtean dagoen langa 65era igo nahi du indarrean dagoen eredua jasangarria ez dela argudiatuta. Ezkerreko alderdi guztiek bat egiten dute 60 urtera jaisteko beharrarekin, batez ere fisikoki ogibide gogorrenen kasuan. Hauen hitzetan, adina atzeratzeak borondatezko erretiroen gorakada eta, ondorioz, ordainsarien beherakada ekarriko baitu soilik. Alde horretatik, 1.100 euroko gutxieneko erretiroa proposatzen dute eta 1.600ekoa kotizazio osoa dutenen kasuan. Eskuin muturrari dagokionez, 62 urtean mantendu eta sistema progresiboa ezarri nahi du. Honela, 20 urte baino lehen lanean hasi zirenak 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezaten, eta geroxeago hasi zirenak 65-67 urte artean.

Osasun publikoaren kalteak eta AHTa

Azken bost urteetan 17.000 ohe galdu eta 15.000 langile kanporatu dira estatu mailan osasun pulikoan. Ipar Euskal Herrian, landa eremuan pairatu dute bereziki galera hori eta oposizioko alderdiek aho batez salatu dute gobernuaren jarduna zerbitzu publikoen gainean. Pribatizatzearen aldeko apustua egin dutela leporatzen diote Macronen gehiengoari. Honi aurre egiteko, fiskalitatean erreformak eta, abertzaleen kasuan, eskumenak bertako erakundeen esku uzteko eskatzen dute, tokian-tokiko beharrei erantzuteko aukera izan dezaten. Gehiengo presidentzialak, aldiz, langile eskasiarekin lotzen du egoera, eta formazioa erraztu eta datozen 10 urteetarako 10.000 milioiko inbertsioa iragarri du.

Pribatizatzearen aldeko apustua egin dutela leporatzen diote Macronen gehiengoari

Ibilgailuei lotuta, Ipar Euskal Herriko mugikortasuna auto pribatuari oso lotua dago. Horri aurre egiteko, batez ere trenaren garapena ikusten dute aterabiderik egokiena, egungo errailen gainean linea berriak ireki eta maiztasunak handituz. AHTari dagokionez, Bordeletik Akizerainoko lanen aurrekontuak onartuta daude. Euskal lurretan garatzearen inguruan, izan Baionaraino edo Hendaiaraino, Alain Roussetek, Akitania Berria eskualdeko presidenteak (Alderdi Sozialista), soilik babesten du aukera hau. Hala ere, hiru barrutietako hautagai guztiak aukera honen aurka agertu dira.

Lurralde estatusa eta euskara

Iparraldeko herri guztiak batzen dituen Euskal Hirigune Elkargoa sortuta (2017), etorkizunera begira eman beharreko pausoen inguruan korronte politikoen arteko talka baino gehiago, hautagaien arteko aldeak azaleratu dira kanpainan. EH Baik, aho batez, lurralde estatus berezia eskatzen du, Korsikak duen gisakoa, eskumenak biltzen jarraitu eta autonomiaranzko bidea jorratzeko. Oro har, gai sozialetan antzeko proposamenak dituzten NUPESeko hautagaiekin arrakala handia sortzen duen gaia da hau, batez ere, Intsumituen eta Komunisten adarrekin, ez baitute bide hau jorratzeko inongo asmorik eta elkargoa baino gehiago, udal eta auzapezen indarra areagotu nahi dute. Berde eta sozialistei dagokienez, bide hau lantzearen aldekoagoak dira. Gehiengo presidentzialeko kideek elkargoa hobetzen eta indartzen jarraitzeko asmoa lehenetsi eta azkarregi joatearen arriskuez ohartarazi dute.

Euskarari lotuta, Macronen lehen legealdian hautsak harrotu dituen gaia izan da Molac legea, lekuko hizkuntzen murgiltze eredua babestu nahi izan duena. Asanbladan gehiengoaren aldeko botoa lortu bazuen ere, hainbat diputatu Macronistek legea Kontseilu Konstituzionalera eraman eta horrek neurria 2. artikuluaren aurkakoa dela ebatzi zuen —Frantziako hizkuntza frantsesa dela dioena— eta, ondorioz, bertan behera geratu zen.

Etorkizunera begira eman beharreko pausoen inguruan korronte politikoen arteko talka baino gehiago, hautagaien arteko aldeak azaleratu dira kanpainan
 

Honek, besteak beste, Ikastolen jarduna eta murgiltzean diharduten eskola publiko eta itunpekoen lana kolokan utzi zuen. Presio sozialaren aurrean, gobernuak murgiltzea babesteko zirkular bat plazaratu bazuen ere, arazoak ez dira konpondu eta, besteak beste, euskaraz ikasten duten ikasleek Baxoa eta Brebeta azterketen zati bat euskaraz egiteko duten eskubidea guztiz urratu da. Honen aurrean, Iparraldeko hautagai gehienek konstituzioa bera egokitu eta bigarren artikulu hori aldatzearen aldeko jarrera adierazi dute. Abertzaleek pauso bat gehiago eman eta koofizialtasuna eskatzen dute. NUPESeko hautagaiei dagokienez, 5. eta 6. barrutiko hautagaiek beren iritzia emateari iskin egin badiote ere, Intsumituek 2. artikuluaren aldeko defentsa egin dute. 4. barrutiko hautagaiari dagokionez, Iñaki Echaniz sozialistak, Molac legearen defentsa irmoa egin du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK