Pirinioetako ekintzaileentzako eta mikroenpresentzako dirulaguntza deialdia iragarri dute

Deialdiak 940.000 euro ditu. 600.000 gastu-lerrora bideratzen dira eta 340.000 inbertsioetara. Ekonomia berdea eta/edo digitala sustatzen duten lurralde-proiektu berriak diruz lagunduko dira

Otsagabia Otsagabia

Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan ekintzaileei eta mikroenpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egin du. Deialdiak 940.000 euro ditu, horietatik 600.000 gastu-lerrora bideratuko dira eta 340.000 inbertsioetara. Laguntzak Europar Batasunak finantzatzen du Next Generation funtsen Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez bideratuko dira.

Deialdiak ekintzailetzaren eta mikroenpresen bidez ekonomia berdea eta digitala sustatzen duten lurralde-proiektu berriak finantzatzea du helburu. Ekonomia berdearen alorrean giza-ongizate eta gizarte-berdintasun hobea ematen duen eredu ekonomikoa sustatu nahi dute laguntzek. Digitalizazioari dagokionez, helburua enpresa-funtzioak, merkataritza-eragiketak, bezeroen kudeaketa-ereduak edo komunikazio-prozesuak gaitu, hobetu edo garatzea da, teknologia digitalak baliatuta.

Dirulaguntzek pirinioetako lurralde-eremuan garapen ekonomikoa sustatzen duten, erronka demografikoari heltzen dioten eta ekoizpen-eraldaketa errazten duten jarduerak izango dituzte ardatz. Honako ildoak dira sustatu nahi direnak: 

  • Turismoa, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak
  • Industria, ekintzailetza eta lurralde-garapen iraunkorra
  • Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza
  • Etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak

Bi diru-laguntza ildo abiatuko dira. Alde batetik inbertsiorako laguntzak eta bestalde, gastuen finantzaketa. Inbertsioei dagokienez, jarduera ekonomiko berri bat sortzea, lehendik dagoen jarduera baten ahalmena handitzea, jarduera dibertsifikatzea, jarduera eraldatzea eta jarduerak mantentzen laguntzeko egitasmoak aintzat hartuko dira. Diruz lagunduko dira eraikinak erosteko, ondasun higiezinak eraikitzeko edo hobetzeko, ekipamendu-ondasunak hornitzeko, aurrekoei lotutako kostu orokorrak ordaintzeko, inbertsio ukiezinak egiteko eta proiektua sustatzeko eta zabaltzeko ekintzak.

Bigarren lerroak ekintzailetza babesteko eta bultzatzeko proiektuek eta ekonomia berdea zein digitala sustatzen eta garatzen duten mikroenpresek eragindako gastuak finantzatuko ditu. 

Bi lerroetarako dirulaguntzak eskatu daitezke baina onartutako zenbatekoa ez da inola ere 5.000 eurotik gorakoa izango eskatzaile bakoitzeko. 

Ekainaren 16an irekiko da eskabideak aurkezteko epea eta urriaren 31ra arte eskatu ahal izango dira. Gobernuak bi informazio-saio egingo ditu: ekainaren 8an, Ariben eta ekainaren 14an Espartza Zaraitzun. 

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia eta Gu Pirinioko arduradunak interesa duten pertsona guztiekin bilduko dira datozen egunetan, deialdiaren xehetasunak azaltzeko eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK