Uholdea

Kimikaren garapena jorratu arte zientzialariek naturaren funtsezko lau elementuen gainean oinarritu zuten zientzia: sua, airea, lurra eta ura. Euskal mitologian ere elementuekin lotutako jainkoek zeresan handia izan dute. Ura izan da, zalantza barik, elementu nagusietako bat.

Ura maite duen herria gara, baina miresmen beste beldur ere sortzen digu. Itsasoaren enbatek marinel askoren bizitza eraman dute. Barnealdean ere, zeruari begira ibili izan dira euskaldunak. Uztak bermatzeko beharrezkoa den euria arriskua ere bilakatu daiteke. Euri jasa bortitzek gainezka utzi dituzte askotan gure ibai, itsasadar zein errekak eta kalteak ugariak izan dira. Ugariak, eta latzak ere bai. Bilbon denok gogoan ditugu 1983ko uholdeak. Datorren urtean 40 urte beteko dira Aste Nagusian murgilduta zegoen hiria lokaztu zuen uholde hartatik, zientoka hildako eragin zuena.

Atzo, Dolores Redondo idazle gipuzkoarraren eleberri berriaren aurkezpenean izan nintzen. Eleberria Bilbon girotu du idazle gipuzkoarrak, 1983ko uholdeetan. Hiltzaile arriskutsu bat Bilbora doa Glasgowtik ihesi eta jendez betetako Aste Nagusiaz baliatzen da oharkabean pasatzeko. Plazera iruditu zait beti idazle bati bere sormenaz berba egiten entzutea. Deustualdean Berbaizu Euskara Elkarteak irakurleak eta egileak elkartzeko egitasmo polita abiatu zuen aspaldi, Irakurlearen Txokoa, eta asko izan dira bere liburuen pasarteak eta sekretuak irakurleekin partekatu dituzten idazleak. Formatu txikiko topaketak izaten dira, gertukoak, oso goxoak, txikia izatea gauza handia delako. Atzokoa ezberdina izan zen. Koinatuak Arriaga antzokira joateko gonbitea luzatu zidan Ramón García kazetari bizkaitarra eta idazlearen arteko solasaldia entzutera joateko. Antzokia bete zuen atzoko aurkezpenak, hori marka. Eta nik solasaldia asko gozatu nuen.

Duela 40 urteko Bilbora eramaten omen gaitu eleberriak (oraindik ez dut irakurri), garai horretako musika, giro eta gizartearen argazkia ateraz. Giro politiko nahasia zen ordukoa. Krisi industrial eta ekonomikoak zizelkatutako gizartea zen hura, tentsio politiko eta indarkeriarekin nahasia. Lau hamarkada pasa dira uholde horietatik. Eta nahiz eta ni haurra izan garai horretan, baina baditut zenbait oroitzapen.

Aititek Zazpi Kaleetan denda zuen, eta uholdeak pasata denda garbitzen laguntzera joan ginela oroitzen naiz. Lokaztutako Alde Zahar hura oso ongi gogoratzen dut. Lan handia egin behar izan zuten bilbotarrek dena konpontzeko. Kanpotik etorritako laguntza eta elkartasuna ere tamainakoa izan zen. Krisi politiko eta ekonomikoak astindutako herri hura altxatzen jakin izan zuen, eta hainbaten ustez hor hasi omen zen hiriaren eraldaketa. Nago gehienok ez genukeela ezagutuko garai horretako Bilbo eta Euskal Herri hura. Hiria asko aldatu da, eta, kritikak kritika, hobeto eta politago dagoela ezin da uka.

Gizartearen aldaketa, ordea, ez nuke jakingo neurtzen. Bakean bizitzen ikasten ari den gizartea gara, eta bide hori oso aberasgarria izan da. Beste kontu batzuetan, aldiz, ez dut uste aldaketa hain positiboa izan den. Elkartasun kontuetan herrenka dabilen herria garela uste dut. Black Friday izan genuen aurreko ostiralean, kontsumismoaren gorentasuna. EnpresaBIDEAn gaiari bestelako ikuspegi bat eman nahi izan genion. jarrera alternatiboak plazaratzeko. Transparency Friday jarrera horietako bat da. Produktu bakoitzaren benetako kostuak azaltzen dituena. Lan baldintza duinen aldeko kanpaina da, zer eta nola erosten dugun argitzen duena. Jarrera hori, tamalez ez da ohikoa. Low Cost gizarte batean bilakatu garela uste dut. Low cost baldintzak dituen eta Low Cost kontsumitzen duena, kontsumo eredu bera zalantzan jarri barik.

Uholdea berriro datorrela esango nuke. Kasu honetan, ekonomia eredu berrien zaparrada. Lan harreman berriak eta, hein handi batean, prekarietatea ekarri dituena. 1983an ez bezala, oraingoan gu gara nobelaren protagonista eta ez dakit nola bukatuko den. Urak dakarrena urak omen darama. Berrogei urte pasa beharko dira eleberria nola bukatu den ikusteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK