EAEn eskatutako dirulaguntza gehienek ikerkuntza eta garapena dute helburu | Argazkia: iStock

BERRIKUNTZA

I+G+b proiektuetara bideratu dira EAEko laguntza publikoen %52

Lehiaren Euskal Agintzaritzaren txostenaren arabera, 261,33 milioi euroko laguntza publikoak eman ziren 2022an

EAEn emandako laguntza publikoen zenbateko osoa 261,33 milioi eurokoa izan zen 2022an. Hala ondorioztatu du Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) egin berri duen txostenak. BPGaren % 0,31 da kopuru hori, eta ehunekoa handitzen joan da 2015etik. Zehazki, BPGren % 0,27 izan zen 2020an, eta BPGren % 0,23 2021ean.

Hirugarren urtez jarraian argitaratu du txostena LEAk. Nabarmentzekoa da I+G+bra bideratutako laguntzen ehuneko handia (% 52). Ondoren, enplegura bideratutakoak (% 32,4) eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak (% 13,7) datoz. Era berean, kultura eta ondarea babesteko laguntzak %1,8 izan dira eta ingurumena eta energia eraginkortasunaren arlokoak %0,12.

Txostenaren arabera, dirulaguntzen “erabilera masiboa” egiten da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, laguntza tresna gisa, %96,46k erabili dute 2022an. 2025ean, aldiz, %76,99k erabili zuten. Beste laguntza metodo batzuk (maileguak, abantaila fiskalak…) %1,4k erabiltzen dute soilik.

Halaber, LEAk azaldu duenez, EAEn eskatutako laguntza gehienek (%86) I+G+b dute helburu, Espainian eskualde garapena dute helburu (%63) eta Europako Batasunean laguntza gehienak (%55) ingurumenaren eta energia-eraginkortasunaren helburuak betetzera bideratzen dira.