Argazkia: ACN

EKONOMIA

2021ean baino 3.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian

Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, 949.300 okupatu dira EAEn, iaz baino %0,8 gutxiago. Nafarroan, aldiz, % 1,8 hazi da

INEk plazaratu berri ditu biztanleria aktiboaren inkestaren datuak. EAEn 90.000 langabe zenbatu ditu, eta langabezia-tasa % 8,66koa da. Bestela esanda, 1.900 langabe gehiago daude EAEn 2021an baino, alegia, % 2,13 gehiago. Nafarroan langabezia-datuek okerrera egin dute aurreko urtetik: 32.900 langabetan kokatu da, langabezia-tasa % 10,09koa izanik; alegia, 1.100 langabe gehiago erregistratu direlako, aurreko urtean baino % 3,57 gehiago. Bietan ala bietan, Espainiako batez bestekoaren azpitik kokatu dira, % 12,87koa izan baita.

Okupazioari dagokionez, behera egin du 2021etik EAEn. 7.700 gutxiago zenbatu dira, iaztik % 0,8 behera eginda, eta 949.300 okupatu dira. Nafarroan, aldiz, 5.200 okupatu gehiago zenbatu ziren, urtebetean % 1,8 hazita.

Hiruhilean behin argitaratzen den inkesta da, Espainiako guztiko 200.000 bat pertsoneko laginarekin eginikoa, eta biztanleria aktiboaren —okupatu zein langabeen— eta inaktiboaren —aurreko kategoriatan jasotzen ez direnak— datuak biltzen ditu.