Iñaki Arriola Garraio sailburua kontrol saioan | Argazkia: Eusko Legebiltzarra

EKONOMIA

Administrazioek deskontu-sistema bat prestatu dute garraioan, herritar bakoitzaren egoerara egokitua

Iñaki Arriola Garraio sailburuak iragarri duenez, garraio transbordoak doakoak izatea, eta tarifa-murrizketen hiru maila ezartzea ari dira aztertzen

Euskal administrazioak herritar bakoitzaren erabilerara eta egoera sozioekonomikora egokitutako deskontu-sistema bat diseinatzen ari dira, eta eredu horrek, Iñaki Arriola Garraio sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan iragarri duenez, transbordoen doakotasuna eta tarifa-murrizketen hiru tarte aurreikus ditzake.

Herritar bakoitzaren erabileraren eta egoera sozioekonomikoaren arabera, beherapen "gero eta handiagoak" egitearen alde agertu da sailburua. "Gure ustez, sistemarik bidezkoena da, errenta txikiena duten pertsonen egoera hobetzeaz gain, premia bereziak dituzten kolektiboentzat ere lagungarri delako, hala nola gazteentzat, adineko pertsonentzat, familia ugarientzat edo desgaitasunen bat duten pertsonentzat".

Proposamen hori, gaineratu du, "gutxieneko parametro batzuetatik abiatzen da, eta horien gainean oinarritzen da integrazioa eta operadore eta administrazio desberdinen posizioak adostea"; besteak beste, honako hauek aipatu ditu: txartel pertsonalizatua lehenestea, kolektibo onuradunak eta bidaiengatiko deskontu-tarteak zehaztea, zonifikazioak definitzea, edo transbordoak tratatzea.

Proposamenak gutxienez hiru deskontu-tarte ezartzeari ere heltzen dio, "garraio publikoaren erabilera handiagoarekin lotutako progresibitate eraginkorra" lortzeko. 6 eta 25 urte bitarteko gazteei dagokienez, proposamenak "azken tartean doakotasunera iristea" aurreikusten du.

Arriolak zehaztu du, nolanahi ere, lehen lan-dokumentua dela, eta administrazioak aztertzen ari direla. Ildo horretan, bi edo hiru hilabeteko epean dokumentuari lehen "ekarpenak eta gogoetak" jasotzea aurreikusten dute.

2023an garraio publikoa erdi prezioan

2023an ere, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoak %50eko deskontua izango du. Bizkaikoa baieztatzea falta zen eta baiezkoa eman du Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Gaur gaurkoz, Espainiako Gobernuak laguntzaren %30 ordaintzen du eta EAEko administrazioek jartzen dute gainerako %20a. Aste honetan bertan Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak ateak zabalik utzi ditu garraioan %30eko deskontua lutzatzeko. Garraio publikoko deskontua irailaren 1ean jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak eta, berez, abenduaren 31n amaituko litzateke.