Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

EKONOMIA

EAEko industria prezioak %1,9 merkatu dira iazko apiriletik

Energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren sektorea izan da urtebetean prezioak gehien jaitsi dituena, %20 merkatu baitira

Euskal Autonomia Erkidegoko industria prezioen urte arteko tasa negatiboa izan da, aurten lehen aldiz, prezioak %1,9 jaitsi baitira iazko apiriletik. Aurtengo martxotik apirilera ere %0,6ko beherakada izan dute industria prezioek, Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazitako azken datuen arabera.

Azterketa zehatzago batek erakusten du apirilean prezioetan aurreko hilaren aldean jaitsiera nabarmenak izan dituzten sektoreen artean daudela, materialen eta ekipo elektronikoen fabrikazioa, %3,6ko jaitsierarekin; kokeriak eta petrolioaren fintzea, %3,5 merkatuta; eta erauzketa industriak, prezioak %1,4 jaitsita. Aitzitik, prezioetan hil arteko igoera nabarmenak izan dituzte ehungintza, larrugintza eta oinetakoen sektoreak, %6,8 igota, uraren sektorea ere %1,7 garestitu da; garraio materialaren fabrikazioa %0,5; eta industria kimikoaren sektorean %0,4 igo dira prezioak.

Helburu ekonomikoaren araberako ondasunen zerrendari jarraikiz, aurreko hilaren aldean, energiaren prezioak %1,7 jaitsi dira apirilean, kontsumo ondasunenak %0,7 eta bitarteko ondasunenak %0,4. Ekipo ondasunen prezioak berdin mantendu dira.

Urte arteko aldia kontuan hartuta, prezioen beherakadarik handienak energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren sektorean izan dira, %20 merkatu baitira; kokeria eta petrolioaren fintzea %17,3 merkatu dira; eta ekipo elektronikoaren fabrikazioa %1,4. Aldi horretan gehien garestitu direnen artean daude, berriz, elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria, %14 garestituta; kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral ez-metalezko batzuen sektorean ere %13,9 garestitu dira prezioak; zuraren, paperaren eta arte grafikoen industria %13,6 garestitu da; erauzketa industriak %12,6; eta uraren sektorea %8,7.

Hala, prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da helmuga ekonomikoaren araberako ondasun talde handi guztietan, energian izan ezik, %19,2ko jaitsiera izan baita. Horrela, kontsumo ondasunen prezioek %11,2 egin dute gora, bitarteko ondasunenek %5,3 eta ekipo ondasunenek %4,5.