Argazkia: Arabako Foru Aldundia

EKONOMIA

EAEko ogasunek 1.284 milioi euro bildu zituzten ingurumen zergetan 2022an

2021ean baino % 5,7 gutxiago bildu da, 78 milioi gutxiago, batez ere hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren beherakadagatik

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ogasunek ingurumen zergen bitartez 1.284 milioi euro bildu zituzten 2022an, aurreko urtean baino 78 milioi gutxiago (-%5,7). Eustat euskal estatistika erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera, honek BPGaren %1,5a suposatu du. 

EAEko zerga guztietatik, ingurumenekoak % 6,7 izan ziren 2022an, 2021ean baino puntu bat gutxiago. Ingurumen-zergak hiru kategoriatan sailkatzen dira: energiaren gaineko zergak, garraioaren gaineko zergak eta kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak.

Ingurumen-zergen baitan, energiari lotutako zergetatik bildu zuten diru kantitate handiena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek: zehazki, 1.105 milioi izan ziren 2022an, hau da, ingurumen-zerga guztien % 86. Era berean, 2021etik 2022ra % 7,4 diru gutxiago bildu zen zerga mota honetan, hein handi batean, hidrokarburoen gaineko zergan izandako jaitsieragatik.

Garraioaren gaineko zergek 164 milioi euroko ekarpena egin zuten 2022an, ingurumen izaerako zerga guztien % 12,8, aurreko urtean baino % 4,1 gehiago. Azkenik, kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergek ingurumen arloko zerga guztien % 1,2 izan ziren: 16 milioi euro, aurreko urtean baino lau milioi gehiago.