Argazkia: iStock

EKONOMIA

KPIa % 3,1era jaitsi da EAEn, eta % 2,5era Nafarroan

Espainiako Estatuan, urteko arteko inflazioa %2,8an kokatu da otsailean, urtarrilean erregistratutakoa baino sei hamarren gutxiago

Prezioek gorako tendentzian jarraitzen dute, baina igoera iaz baino apalagoa da. INE Espainiako estatistika institutuak ostegun honetan kaleratutako oharraren arabera, otsailean %3,1ean kokatu da KPIa EAEn, eta %2,5ean Nafarroan. Igoera motelagoa izaten ari da, batez ere argindarraren eta elikagaien prezioek behera egin dutelako. Dena den, EAEn, hilabete arteko aldaketari dagokionez, hau da, urtarriletik otsailera, %0,6 puntu igo da. Nafarroan, aldiz, %0,4.

Lurraldeka, Bizkaian urte arteko KPIa % 3,3koa izan da, Gipuzkoan % 3,2koa eta Araban % 2,5ekoa. Urtarrilaren aldean, KPI % 0,8 igo da Bizkaian, % 0,5 Araban eta % 0,4 Gipuzkoan.

Otsaileko urte arteko datua 2023ko abuztutik EAEn izandako txikiena da, INEk argitaratutako behin betiko datuen arabera. Aurreko urteko otsailarekin alderatuta, EAEn gehien igo diren prezioak honako hauek izan dira: elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak, % 5,8 gehiago (-1,2 puntu aurreko hileko urte arteko tasarekin alderatuta); jatetxeak eta hotelak, % 5,1 gehiago (-0,2 puntu); edari alkoholdunak eta tabakoa, % 4,7 gehiago (+0,1 puntu) eta beste ondasun eta zerbitzu batzuk, % 4,5 gehiago (+0,2 puntu). 

Nafarroari dagokionez, elikagai eta alkoholik gabeko edarietan igo dira gehien prezioak, % 2 gehiago (0,5 puntu aurreko hileko urte arteko tasarekin alderatuta); aisialdian eta kulturan ere gora egin dute prezioak, %1,7 gehiago; baita ere, garraio publikoan, %1,4. Beste sektore batzuetan, aldiz, etxebizitza, ura, eta argindarra, %1,3 puntu jaitsi dira prezioak.

Bestalde, azpiko inflazioa (landu gabeko elikagairik eta produktu energetikoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat jaitsi da otsailean, % 3,5eraino, eta KPI orokorrarekiko duen aldea zazpi hamarren da egun.