Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, Mikel Noval eta Janire Landaluze ELAko Azterketa Bulegoko kideekin batera | Argazkia: ELA

EKONOMIA

Nafarroako emakumeen pentsioak mila eurotik beherakoak dira

Emakumeen batez besteko pentsioa 977 eurokoa da Nafarroan, eta 1.056 eurokoa EAEn. ELA sindikatuaren arabera, gizonek baino 600 euro gutxiago jasotzen dituzte emakumeek

ELA sindikatuak jakinarazitako datuen arabera, Hego Euskal Herriko emakumeen batez besteko pentsioak ez dira 1.100 eurora iristen. Gizonek baino 600 euro gutxiago jasotzen dituztela salatu dute, emakumeen batez besteko pentsioa 1,056 eurokoa baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 977 eurokoa Nafarroan. Gizonezkoen batez besteko pentsioa, aldiz, 1.682koa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1.545 eurokoa Nafarroan. Ondorioz, emakumeek jasotako ordaina %37 txikiagoa da Hego Euskal Herrian. Orotara 645.000 pentsiodun daude, biztanleriaren %22,6.

Erretiro pentsioetan ere alde nabarmenak daude emakumezko zein gizonezkoen artean. 1.803 euro jasotzen dituzte batez beste gizonek, eta 1.147 emakumeek EAEn; eta Nafarroan, 1.653 gizonek eta 1.064 emakumeek.

ELAren arabera, orokorrean pentsioak txikiegiak dira eta hor legoke benetako arazoa: “Lanaldiaren urte kopurua handitzeak pentsioak murriztea dakar, batetik, kalkuluari gehitu nahi zaizkion urteak kotizazio oinarri txikiagoarekin egiten direlako; eta, bestetik, kotizazio epean kotizatu gabeko hilabete eta urte gehiago sartuko direlako, pentsioan eragin negatiboa handia izanik. Hala, urte kopurua handitzeak gehiago zigortzen ditu prekarizatuenak, kasu gehienetan, emakumeak”.