Emakume bat erosketak egiten, Donostiako saltoki batean | Argazkia: EnpresaBIDEA

EKONOMIA

Urte arteko KPIak beheranzko joerarekin jarraitzen du, %7,3an kokatuz

Irailetik 1,6 puntu jaitsi da urte arteko inflazioa

Espainiako Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) lau hamarren egin du gora urrian iraileko datuekin alderatuz, baina 1,6 puntu jaitsi da urte arteko tasa, %7,3an kokatuz. Hala diote Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako behin-behineko azken datuek.

Behin-behineko datu horien arabera, uztailetik 3,5 puntu jaitsi da urte arteko inflazioa. Orduan, urte arteko KPIa %10,8koa izan zen, 1984ko irailetik egondako altuena. Datu horiek kontuan, esan liteke, beraz, inflazioak hirugarren hilabetez jarraian egin duela behera urte arteko tasan: abuztuan hiru hamarren egin zuen behera, %10,5ean kokatuz; irailean 1,6 puntu %8,9an kokatuz; eta urrian beste 1,6 egin du behera %7,3raino.

Batez ere, elektrizitatearen prezioen jaitsierak eta, neurri txikiagoan, gasaren merkatzeak ekarri dute urte arte indizea %7,3raino jaistea.

Energia eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe kalkulatzen den azpiko inflazioan, aldiz, ez da aldaketarik izan. Irailean %6,2an kokatu zen, eta urrian, mantendu egin da.

Hala ere, urriko datuak behin-behinekoak dira, INEk datorren hilaren erdialdean baieztatu beharko du behin-betiko datua.