Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Bizkaiko enpresen % 9k dagoeneko erabili du adimen artifiziala

Ia hamarretik zazpik kudeaketa aurreratuko softwareren bat sartu du euren prozesuetan, eta areagotu egin dira zibersegurtasunari lotutako ekintzak

Barrixe, Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak egindako Bizkaiko enpresen eraldaketa digitalari buruzko 2023ko azterketaren arabera, geroz eta enpresa bizkaitar gehiago hasi dira adimen artifizialarekin probak egiten. Hala, Bizkaiko enpresen % 8,9k onartzen dute modu proaktiboan integratu dutela euren eguneroko prozesuetan; 2022an, berriz, % 4,4k. Eta galdetutako enpresen % 16k diote aurrerantzean teknologia horretan inbertituko dutela.

Bizkaiko Enpresen Eraldaketa Digitala azterlanaren arabera, oro har, lurraldeko enpresen % 65,6k oinarrizko digitalizazio maila du, eta % 23,5ek, berriz, maila aurreratuagoa eta konplexuagoa du. Halaber, % 69,3k kudeaketa aurreratuko softwareren bat sartu du euren prozesuetan, eta areagotu egin dira zibersegurtasunari lotutako ekintzak.

Sektoreka, digitalizazioa eskuragarriago dago industriako enpresetan (% 90,5), eta, horren atzetik, zerbitzuetan (% 89,4). Halaber, eraikuntza sektoreari dagokionez, jaitsi egin da digitalizatuta ez dauden enpresen kopurua, % 21,7tik % 15,8ra.

Ikerketako ondorio gisa, enpresak geroz eta gehiago daude teknologien mende, eta gai dira digitalizazioak eta automatizazioak ematen dizkien onurak identifikatzeko. Abantailen artean, kalitate-igoera nabarmentzen dute enpresek, hamar erakundeetatik zazpik, hain zuzen ere. Hala ere, informazioaren erabileraren hobekuntza nabarmen jaitsi da, %51,2tik %36,9ra pasatu baita.