Bilboko Portuko instalazioak

ENPRESAK GAUR

Esportazio datu historikoak izan dituzte euskal enpresek martxoan

Egoera geopolitikoak ez dio eragin Hego Euskal Herriko enpresen kanpo merkataritzari. Enpresek 3.665 milioi euro esportatu zuten martxoan.

Kanpo merkataritzak bilakaera ona izan du martxoan euskal enpresetan. Zalantza bazegoen Ukrainako gerrak Hego Euskal Herriko esportazio eta inportazioei eragingo ote zien. Okertu beharrean marka onak lortu dituzte euskal enpresek kanpo merkataritzaren alorrean.

Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako estatistika erakundeek emandako datuen arabera martxoan 3.665 milioi euro esportatu zuten Hego Euskal Herriko enpresek eta 2.7872,4 milioi euro inportatu. Merkataritza balantza, beraz, positiboa izan da.  Aurreko urteko datuekin alderatuta Nafarroako enpresak izan dira esportazioetan hazkunderik onena lortu dutenak, % 16,7. EAEn ordea, %11 igo da ( % 19 Bizkaian, % 9,9 Gipuzkoan eta % 1,5 Araban). Inportazioei dagokienez igoera egon da. Nafarroako enpresek % 30,5 gehiago inportatu dute eta EAEkoek %31. 

Eustaten datuen arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako esportazioen emaitza historikoa izan da, eta 2021eko azaroko marka ere gainditu da; orduan, 2.600,4 milioi euro baino gehiago izan ziren. Esportazio ez-energetikoek % 4,4 egin dute gora, eta energetikoek, % 131,1. Inportazioetan ere serie historikoaren zifrarik altuena lortu da martxoan, %31 igoz. Produktu energetikoak % 95,3 hazi dira eta ez-energetikoak % 19,5. 

Lehen hiruhilekoa

Lehen hiruhileko bizia izan du kanpo merkataritzak Hego Euskal Herrian. Nafarroan esportazioak 2.659,8 milioi eurokoak izan dira, iaz baino % 13,7 gehiago . Inportazioei dagokienez hazkundea are nabariagoa izan da, %27,1. Volkswagenen eragina nabaria da Nafarroako esportazioetan. "Motordun ibilgailuak" izan da multzorik nagusia esportazioetan eta salmentak %26,4 igo dira. Hazkundea Alemaniarako salmenten bilakaerak azaltzen du, % 82,2 gora eginda. Ibilgailuen alorra aintzat hartu barik, gainerako esportazioek % 8,6 egin dute gora. Ohi bezala, Nafarroako esportazioen helmuga nagusiak Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua eta Portugal dira. Gehien hazi direnak Alemania (% 35,4) , Erresuma Batua (% 29,5) eta Frantzia (% 12,9) izan dira. Inportazioei dagokionez, multzorik aktiboena "ibilgailurako osagarriak" izan da % 18,7 haziz.  Erosketak Alemaniatik eta Txekiako Errepublikatik egin dira.

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ere datuak positiboak izan dira. 2022ko lehen hiruhilekoan EAEko esportazioek % 21,7ko igoera izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean; 1.316 milioi euro gehiago. Esportazioak 7.391,4 milioikoak izan dira. Bizkaiak egiten die ekarpenik handiena EAEko esportazioei, 3.047,3 milioikoa (guztizkoaren % 41,2), gero Arabak (2.174,5 milioi) eta, ondoren, Gipuzkoak (2.169,6 milioi).  Bizkaiko esportazioek, gainera, urte arteko hazkunde handiena izan dute, % 27,9ko. Araban, igoera % 16,6koa da (309,6 milioi gehiago) eta Gipuzkoan, % 18,7koa (341,7 milioi). Esportatutako produktu motei dagokienez aipatzekoak dira “Produktu energetikoak” (322,5 milioi gehiago) eta “Produktu ez-energetikoak” (993,5 milioi gehiago).

EAEko esportazioen jomuga nagusiak Frantzia, esportazio guztien % 16,1, Alemania (% 16,0), Estatu Batuak (% 6,3), Herbehereak (% 6,1) eta Italia (% 6,0) dira. Bost herrialde hauek esportazioen % 50,5 hartzen dute.

Lehen hiruhilekoan inportazioak, 6.412,7 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtean baino % 42,4 gehiago. Bizkaia izan da igoeraren eragile nagusia, inportazioak % 52,9 hazita. Araban ere inportazioek gora egin dute, % 31,1 eta, Gipuzkoan, % 30,5.