Argazkia: Fiact

ENPRESAK GAUR

Fiatc aseguruen enpresa katalanak Ipresa donostiarra erosi du

Osasungintzari loturuko aseguruen enpresa gipuzkoarrak 2,86 milioi euroko diru-sarrerak lortu zituen 2021ean primengatik

Ipresa Igualatorio de Previsión Sanitaria aseguruen enpresa donostiarrak jabe berria du. Fiatc katalanak bere akzioen % 95 eskuratu du. Mutuak azaldu duenez, bere Osasungintzako lerroa indartu nahi du, egun 170 milioi euroko diru-sarrerak ekartzen dizkiona, eta hazkunde estrategia horren parte da Ipresaren erosketa.

Osasungintzako aseguruen enpresa gipuzkoarrak 1946tik darama martxan, eta 1959an bihurtu zen sozietate anonimo. 2,86 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2021ean primengatik, eta 544.000 euroko irabazi garbiak. 2020an zifra antzekoa izan zen: 2,89 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen primengatik. Aseguruen enpresa izateaz gain, Arrasate Mediku Zentroa du Ipresak, Donostian kokatua hura ere, non medikuntza orokor, kardiologia, ginekologia edo pedriatria zerbitzuak eskaintzen dituzten, besteak beste.