MBA bat euskaraz?

Enpresa administrazioko MBA master berri bat sortzeko asmotan dabil Udako Euskal Unibertsitatea, egun daudenen artean ezberdina, euskara hutsezkoa eta online bidezkoa izango baita. Baina, bideragarria ote? Dauden beharren eta erronken inguruan hausnartu nahi izan du hainbat eragilerekin batera

Egun, Euskal Herrian ez dago MBA ikasketak euskaraz egiteko eskaintzarik | Argazkia: iStock Egun, Euskal Herrian ez dago MBA ikasketak euskaraz egiteko eskaintzarik | Argazkia: iStock

MBA siglek Master of Business Administration ingelesezko hitzei erantzuten die, eta enpresa administrazioko masterra izango litzateke euskaraz. Zuzendaritza-karguak lortzeko eta gerentzia-trebetasunak garatzeko aukera ematen duen maisutasunari deritzo. Egun, Euskal Herrian bada halako graduondoak ikasteko aukera, guztiak aurrez-aurrekoak dira, ordea, eta bat ere ez euskaraz.

Hain zuzen ere, hutsune hori bete nahian, Udako Euskal Unibertsitateak halako master baten sorreraren ideia dabilki buruan: euskara hutsezko online MBA batena. Mundu akademiko eta lan munduaren arteko zubiak eraikitze aldera, egungo egoeraren azterketa bat egin ondoren, etorkizuneko erronkak azaldu eta euskara hutsezko online MBA baten bideragarritasunaz hausnartu nahi izan du UEUk hainbat eragilerekin batera.

Izaskun Agirre Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako irakasleak azaldu duenez, euskal unibertsitateetako graduetan gehiengoa euskaraz matrikulatzen bada ere, graduondoetan egoera bestelakoa da: "gure esperientziaz, 13 urtean masterren bat egin duten ikasleen artean, soilik % 1k egin du bere Master Amaierako lana euskaraz, bere borondatez", adierazi du. Atzerriko merkatuan, azken batean, euskara “hain eraginkorra ez” denez, gehiengoak “gaztelaniaz edota ingelesez ikasteko joera” duela gaineratu du, ikasleek “lana lortzeko” ikasten dutelako.

Izaskun Agirre: "Gure esperientziaz, 13 urtean masterren bat egin duten ikasleen artean, soilik % 1k egin du bere Master Amaierako lana euskaraz, bere borondatez"

Tontxu Campos Deustuko Unibertsitateko MBAko zuzendariak “zaila” ikusten du MBA bat euskaraz egitea, gustatuko litzaiokeen arren, zalantzak dituelako halako formakuntza bat euskaraz egiteak arrakastarik izango ote lukeen. Hala ere, argi dio MBA bat euskarazkoa izan dadin, “enpresa euskaldunen babesa ezinbesteko” duela, euskaraz lan egin nahi dutela dioten enpresak izateak asko lagunduko liokeelako. Agirre zein Campos, biak ere ez dira MBA online egitearen aldekoak, halako ikasketek aurrez-aurrekoak izan beharko luketela uste baitute.

Era berean, Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia Saileko arduradunak kezka azaldu du euskarazko MBA batean eskaini beharreko ikasgaien inguruan, zalantza baitu aproposa izango ote litzatekeen ikasgai propioak sortzea edo euskara eta on-line izatearekin batera, beste “oztopo” bat izan ote litekeen hori ere. Edozein kasutan, desiragarriak ere badirela nabarmendu du.

Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia Saileko arduradunak kezka azaldu du euskarazko MBA batean eskaini beharreko ikasgaien inguruan. Ikasgai propioak sortzea desiragarria dela nabarmendu du

Galdera horri erantzunez, Ainhoa Saitua Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresagintzako irakasleak uste du “beharrezkoak” direla ikasgai propioak ere, hizkuntza eta online aukeraz gain, hori izango baita ikasleek izen-eman aurretik “gehien begiratuko dutena”. Hori bai, betiere ikasgaiak nazioartera ateratzeko, salerosketarako eta enpresaren kudeaketan hobetzeko balio badu.  Adibide moduan kooperatibismoa aipatu du, “ezinbesteko ikasgaia” dela uste baitu, ez Euskal Herrian dagoen eredua delako, “arrakastaren” kasu bat delako baizik.

Campos ere kooperatibismoarekin lotutako ikasgaiak martxan jartzearen aldekoa da, baina, Deustuko MBA zuzendariaren ustetan, ekonomiaren filosofia edota pentsamendu ekonomikoak, esaterako, “ez dute lekurik MBA bezalako formakuntzan”, bere ustez, “orokorragoa” izan behar baitu eta, bestela, MBAn beharrean, “espezializazioren batean izen-ematea” litzateke egokiena.

Tontxu Campos: “MBA formakuntzan ekonomiaren filosofia edota pentsamendu ekonomikoak ez dute lekurik, ikasgaiek orokorragoak izan behar dute”

Hiru euskal unibertsitateren arabera, beraz, MBA bat euskaraz egitea “erronka handia” litzateke. Aldiz, aukera egotea “positibotzat” jo dute. Online egitearekin ere antzeko iritzia dute. Orain daudenak aurrez-aurrekoak badira ere, edozein lekutatik formakuntza jarraitzeko aukera izateak “funtziona dezakeela” uste dute.

Martxan 2025-2026rako

UEUren asmoaren inguruan, Beñat Irasuegi Olatukoop mugimendu kooperatiboko arduradunak ere egin du bere ekarpena. Dioenez, Euskadiko kooperatiben “gehiengoak ez dakizki enpresa bat gidatzeko jakin beharreko oinarrizkoak” eta, behar horiei erantzun asmoz, ikastaro formatiboak ematen hasi dira, dohainik eta euskaraz. Ondorioz, bere ustetan MBA masterra euskaraz egiteak, beraien formakuntzetara doazenen profileko jendea erakarriko luke eta “arrakastatsua” izan liteke. Dena ez da iluna, beraz.

Oskar Arantzabalek azaldu du Udako Euskal Unibertsitatean jakin badakitela halako master bat errealitate bilakatzeko “elkarlana beharrezko” dutela, ez daukatelako unibertsitate aitorpenik. Baina, eragileen ekarpenak kontuan hartuta, “euskarazko eta online MBA 2025-2026rako martxan egotea” aurreikusten dute, UEUko plan estrategikoan jasotzen denez. Beraz, abiapuntua jarria du UEUk, mahainguruan aipatu bezala “katedrala eraikitzeko harriak prest ditu, ikusteko dago orain harri horiek zenbateraino diren sendo”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK