Nafarroako Volkswageneko emaitzen aurkezpena | Argazkia: Volkswagen

ENPRESAK GAUR

Nafarroako Volkswagenek 87,4 milioiko irabaziak izan zituen 2022an

2019ko irabazi historikoak gainditu ditu orduan baino %12,1 gehiago irabazita, nahiz eta %10,1 auto gutxiago ekoitzi pieza faltagatik

Automozioko zenbait piezen gabeziagatik izandako zailtasunak gorabehera, Nafarroako Volkswagenek inoizko irabazirik handienak izan zituen 2022an, 87,4 milioikoak, 2019ko emaitza historikoak gaindituta. Orduan baino %12,1 gehiago irabazi zuen iaz, nahiz eta auto gutxiago ekoitzi (288.088 iaz eta 320.523 2019an). Konpainiak asteazken honetan aurkeztutako datuen arabera, irabazien %96 autoen salmenten ondorioa izan zen, eta gainerako %4a karrozeria, osagai eta ordezkoen salmentena.

Landabengo lantegiko inbertsioak 30,3 milioi eurokoak izan ziren 2022an, aurreko urtean baino %58,2 gutxiago. Azken 20 urteetan erregistratutako kopururik txikiena da; izan ere, 2003ra jo beharko litzateke kopuru txikiagoa aurkitzeko, urte hartan 12,8 milioi eurokoa izan baitzen. Inbertitutako 30,3 milioietatik, 9,4 milioi Taigorekin lotutako lanetarako erabili dira, eta Poloaren eta T-Crossen birdiseinuarekin zuzenean lotutako lanetarako 1,7 milioi eta 1,9 milioi euroko inbertsioa egin da, hurrenez hurren. Etorkizuneko eredu elektrikoari begira, 1,8 milioi euroko inbertsioak egin dira, eta, azkenik, fabrikan egindako gainerako jardueretan 15,5 milioi euroko inbertsioa egin dute.

2022an ekoitzitako 288.088 ibilgailuetatik, 36.946 Polo modelokoak izan ziren, 154.151 T-Crossekoak, eta 96.991 Taigokoak. Produkzioaren %90 berrogei herrialdetara esportatu zen, baina helmuga nagusiak Alemania (%18), Frantzia (%13) eta Italia (%13) izan ziren. Urtea 4.546 langilerekin amaitu zuen Iruñeko Volkswagenek.

Holger Schulz Nafarroako Volkswageneko finantza zuzendariaren esanetan, emaitzak ona dira: “Iazkoarekin alderatuta, bolumenak gora egin du, eta, horri esker," emaitza handitu egin da zergen ondoren, nahiz eta automozio sektoreak zailtasunak izan dituen piezen hornikuntzan. Bestalde, Michael Hobusch Nafarroako Volkswageneko presidenteak azpimarratu du lortutako kopuruak langile guztien "lan onaren" ondorio izan direla, "piezak eskuragarri egotearen ondoriozko ezegonkortasunera egokitzen jakin dutelako".