27 urte hiriaren erdigunean
Gabonak oso egun bereziak izan dira beti Bilboko Kafe Antzokian. Lagun arteko edota enpresako afari eta bazkariengatik eta, orohar, gau giroagatik ez ezik, gabonetako kontzertu bereziengatik ere bai, esaterako, aspaldi sarrerak agortuak dituen abenduaren 29 honetako Ruper Ordorikarena.
"Legea borrokatu eta galdu irabazi!, legea borrokatu eta irabazi!" horrelaxe abesten zuen irria ezpainetan 50 bat urte izango zituen tipoa gogoratzen dut, Kafe Antzokia inauguratu -ofizialki, 1995eko abenduaren 15ean- eta ondorengo egunetan. Urte hartan bertan eratu zen 7eskale izeneko euskal bandak bertsionatzen zuen The Clashen I fought the law moldaketari -zeina, bidenabar esanda, Sonny Curtis abeslari iparamerikarraren cover-a ere baden-, aldaketa txiki baina adierazgarria egiten zion: irabazi, galduren ordez. Orduan ez, baina urte batzuren buruan jakin nuen pertsona hura nor zen, Bilboko Kafe Antzokiaren sortzaileetako bat: Teo Etxaburu.
Galdu edo irabazi, loria edo etsipena, futboleko penaltietan nola. Guztia alda dezakeen ekintza txiki bat. Tximeleta batek hegalak astintzeak urakan bat sor dezake planetako beste muturrean. 2015ean, bere 20. urteurrenaren karietara, programa berezia eskaini zion Kafe Antzokiari Etb1eko Tumatxak saioak. Euskararen egoera nolakoa ote zen galdetu zioten Etxabururi, 1990eko hamarkadako Bilbori begira, eta Eskoziako Ness lakuko piztiarekin konparatu zuen hark. Euskararen existentziaren zantzurik egon bazen gure hirian nahiz inork ez zuen ikusten/entzuten, alde zaharrean, hots, euskararen ghetto soziolinguistikoan barik Bilbo hiriko beste auzogune guztietan. Eta egoera horri erantzun bat ematea izan zen, azken finean, Kafe Antzokiaren kreatzaileen zioa: euskara ghettotik erdigunera eramatea. Jalgi hadi plazara.
1978an sortutako Gabriel Aresti euskaltegia, Kale Nagusitik Kafe Antzokiaren eraikineko Done Bikendi kaleko 2. zenbakiko 4. solairura lekuz aldatu zen 1995 hartan, eta horrelaxe hasi zen istorio hau guztia. Egun, 2.500 ikasle inguru matrikulatuta, Euskal Herriko euskaltegirik handienetako bat da. Bi solairu gorago, alegia, seigarrenean, Zenbat Gara elkarteak Bilbo Hiria Irratia sortu zuen 1997an, euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuarekin. Berriki, Hamaika telebistarekin eta Bizkaia Irratiarekin batera, Bilbo Hiria Irratiak euskaraz jarduteagatik Bilboko udaletxearen aitortza jaso zuen. Pozik hartu zuten aitortza, baina hala ere, irratiko arduradun Ane Zabalaren esanetan, etorkizun malkartsua izango dutela jakin badakite. Izan ere, Bilbo Hiria Irratiak lizentzia behar du orain. Hemendik ere dagokionari eskaera hori bera helarazi nahiko nioke. Nire moduan, ikasketa guztiak euskaraz burutu baina hizkuntza gure aukeren behetik darabilgunontzat, Bilbo Hiria Irratia sostengu itzela izan da urtetan zehar.
Pandemiak eragindako etenak 2020ko 25. urteurren borobila ospatzea eragotzi zuen, eta ondorioz, aurtengo abenduaren 15ean antzokiaren 25+2 urteurrenaren festa egin zen, Anariren kontzertu gogoangarri batekin. Astebete aurretik, Elkano kaleko Louise Michel liburu-dendan, Gari eta Goroldiozko bere liburuaren aurkezpenean, abeslari azkoitiarrak Kafe Antzokiari sua emango geniolaren promesa egin zuen eta, bai horixe, promesa hura bete egin genuen.