Argazkia: iStock

EKONOMIA

Txinako (h)egiak

Xi Jinpingen itzalpean burutuko du Txinako Alderdi Komunistak bere XX. kongresua. Hazkunde sendoa izatera ohituta dago Pekin, baina higiezinen krisiak eta Zero Covid politikak ekonomia lar mantsotu dezakete eta gizarte arrakalak agerian utzi

Txinara begira jarri du mundua Alderdi Komunistaren XX. Kongresuak, Asiako erraldoiaren ildo nagusiak zehaztuko dituen bost urteko ekitaldi politiko handiak. Bertan hartzen diren erabakiek politikan ez ezik, ekonomian ere eragin handia dute. Ez da ezusteko handirik espero kongresuan, Txinak dena kontrolpean izatea gustuko duelako. Bost urterik behin deitzen dute kongresua eta bertan ekonomia arautuko duten planak onartzen dira. Hala izan da 1949ko iraultzatik, baina oraingoan bada aldaketa nabari bat. Xi Jinping presidentea hirugarren agintaldi baterako hautatuko du alderdiak. Ezohikoa izango da Mao Zeodong izan zelako bi agintaldi baino gehiagotan Txina zuzendu zuen azken agintaria.

Kongresu lasaia nahi du gobernuak, eta horregatik dena kontrolpean izan nahi du. Bi aferek, baina, zipriztindu dezakete Xi Jinpingen lidergo berritua. Alde batetik, birusak. COVID-19ari aurre egiteko Txinak ezarri dituen murrizketa politika zorrotzek haserrea sortu dute gizartean eta kalean pandemiaren aurkako estrategia hizpide nagusia da. Aste honetan bertan Zhengzhou hiriko Zhongyuan barrutiko milioi bat biztanle konfinatu ditu gobernuak. Ezinegona gero eta nabariagoa da, eta kongresu handiaren atarian, koronabirusari aurre egiteko neurrien kontrako pankarta bat agertu da aste honetan Pekingo zubi batean. Bestetik, Txinako ekonomiaren egoeraren inguruko zalantzak areagotu dira azken hilabeteotan. Astelehen honetan argitaratzekoa zen Txinako estatistika erakunde nagusia hirugarren hiruhilekoko Barne Produktu Gordinaren datua. Informazioa, baina, atzeratu egin da, mugarik gabe. Hainbat adituk uste dute gobernuak erabakia hartu duela datua esperotakoa baino okerragoa zelako. Bigarren hiruhilekoan urte arteko hazkundearen datua % 0,4koa izan zen, eta oraingoan ahulagoa izan liteke.

2020an, pandemiaren urtean, hazkundeari eustea lortu zuen Pekinek, % 2,3ko hazkundearekin. 2021ean hazkunde tasa % 8,1era azkartu zen, eta 2022rako % 5,5eko hazkundea espero zuen. Egoera ekonomikoa nabarmen okertu da, eta dagoeneko ezinezkotzat jotzen da helburu hori. Nazioarteko eragile nagusiek Txinarako hazkunde aurreikuspenak lausotu dituzte azken asteotan. Nazioarteko Diru Funtsak aurreko astean argitaratutako World Economic Outlook txostenak % 3,2ra murriztu zuen hazkundea, eta Washingtonen egoitza duen erakundea ez da bakarra izan. Munduko Bankuak iragarri du 1990az geroztik lehen aldiz Txinako ekonomia Ekialdeko Asiako gainerako herrialdeena baino gutxiago haziko dela, % 2,8. BBVA bankuak ere Txinarako iragarpena moteldu du. Bilbon egoitza duen bankuak hilabete honetan argitaratutako China Economic Outlook txostenak % 4,5etik % 3,6ra murriztu du esperotako hazkundea.

Higiezinen burbuilaren itzala

Hiru izan dira, BBVAren txostenaren arabera, Txinak aurrean dituen erronkak: Zero Covid politika, % 5,5eko hazkunde helburua eta finantza egonkortasuna. Azken hau, egonkortasunarena, izan da Pekingo gobernua zorrotzen betetzen saiatu den helburua. Higiezinen merkatuaren burbuilak eztanda egin zuen iaz, Txinako finantza osasunari buruzko zalantzak astinduz. Etxegintza alorreko enpresek hiriguneetatik gertu abiatutako zientoka higiezinen promozioak bukatu gabe utzi zituen burbuilaren hondamendiak. Enpresa andana porrotera joan bazen ere, Evergrande taldea izan zen oihartzun gehien izan zuena, munduko higiezinen enpresarik zorpetuena. 2021eko abenduan bere zorrari utzi zion, eta horrek finantza sistema osoa zipriztindu zuen.

Aste honetan publikatu behar zen  PBGren hazkunde datua atzeratu du Pekinek eta horrek zalantzak areagotu ditu

Ondorio ekonomikoez gain, etxegintza alorraren hondamendiak haserrea piztu zuen jendartean. Asko izan ziren konturako ordainketak egin eta etxebizitza jaso gabe gelditu ziren txinatarrak, eta disidentziarako tarte txikia uzten duen sisteman kale-protestak ugaldu egin ziren. Hipotekadunek bankuei boikota egiteko deia egin dute azken hilabeteotan haserrea azalaratzeko. Ez da giro, hortaz, Alderdi Komunistaren kongresuaren atarian. Gauzak horrela, Pekingo gobernua higiezinen merkatuaren porrota ekiditeko neurriak hartzen ahalegindu da azken asteotan, arrakasta handirik gabe. Etxebizitza berrien prezioek etengabe egin dute behera 2022an, eta Estatistika Erakunde Nazionalak bildutako datuen arabera etxebizitzen salmentek % 30 egin dute atzera. Inbertsioak ere murriztu dira, % 7. Egoera sukoia, hortaz, kongresuaren atarian.

Zero Covid politikak itota

COVID-19a izan Txinako Gobernuaren beste erronka. Zero Covid politikek eskualde osoen konfinatzea ekarri dute. Munduko beste hainbat herrialdek birusarekin elkarbizitzeko hautuaren alde egin duten bitartean, Txinak zorrotz kontrolatu nahi izan du mehatxua, eta horrek egonezina sortu du herritarren artean. Kasu horretan ere kale-istiluak nabariak izan dira, guztia kontrolpean izan nahi duen gobernuarentzat mehatxua bihurtuz. Hala ere, BBVAren txostenak dioenez, ez dago aurreikuspenik Txinak etorkizun hurbilean Zero Covid politika altxatuko duenik, ez behintzat 2023a amaitu baino lehen. 

Zero Covid estrategiak, baina, ondorio ekonomikoak ere izan ditu. Eskualdeak konfinatzeak ekonomia gelditzea ekarri du. Aste honetan bertan konfinatu duten Zhongyuan barrutian, esaterako, Iphone telefonoaren ekoizpen gunea dago. Ez da lehen aldia Apple konpainiaren produktuak ekoizten dituzten lantegiak konfinatzen dituztela. Iphonena adibidea baino ez da, birusa kontrolpean izateko politikek, eskualdeak konfinatzeaz gain, industrialguneak eta portuak ere geldiarazi dituztelako. Horrek zauri sakona sortu dezake hazkunde ekonomikoa kanpo-merkataritzan oinarritzen duen herrialde batean. Txinako esportazioen urte arteko hazkundea % 23,9koa izan bazen, 2021eko hirugarren hiruhilekoan, 2022eko uztaila eta abuztuko datua erdira jaitsi da, % 12,3ra.

Birusa kontrolpean izateko politikek, eskualdeak konfinatzeaz gain, industrialguneak eta portuak ere geldiarazi dituzte. Horrek zauri sakona sortu dezake hazkunde ekonomikoa kanpo-merkataritzan oinarritzen duen herrialde batean

Bere izena isilpean mantendu nahi duen Hong Kongen lan egiten duen finantza analista batekin hitz egin du EnpresaBIDEAk. Denbora luzea darama bertan bizitzen, eta ondo ezagutzen du hango ekonomia. Bere ustez koronabirusaren aferak asko baldintzatu du gobernuaren jarduna, eta horrek eragin nabaria izan du ekonomian. Bada adituak nabarmendu duen beste alderdi bat: munduko beste tokietan ez bezala, Txinak ez du inflazio arazo handirik izan gobernuak parte hartze aktiboa izan duelako ekonomian. Horrek “bake soziala” mantentzeko balio badezake ere, interesen kostuan eragin handia du, eta bakuen ohiko jarduna baldintzatzen du. Gizarteak, Alderdi Komunistaren kongresua eta gero, Zero Covid estrategia arintzea espero zuela dio, baina ez du uste horrela izango denik.

Lehia teknologikoaren erronka

Alderdi Komunistaren kongresuak hurrengo bost urteetarako politikak ezartzeko tresna garrantzitsuak dira. Urte luzez gizateriaren historiako iraultza ekonomiko handienaren protagonista izan da Txina, eta horrek bertako biztanleen bizi-baldintza materialak modu bizian aldatzeko aukera eman die, denbora laburrean, gainera. % 10 inguruko hazkunde tasetan oinarritu zuen Txinak iraultza ekonomikoa, batez ere esportazio eta inbertsioei esker. Hasiera batean balio erantsi baxuko produktuak ekoizten bazituen ere, aldaketa teknologiko sakonaren aldeko apustua egin, eta Europa eta AEBko berrikuntza mailarekin lehiatzea dute helburu gaur egun. Munduan ildoa markatuko duten teknologia berrien lehian bizi-bizian sartu da Txina: 5G, konputazio kuantikoa, ibilgailu elektrikoa... eta horrek mesfidantza handia sortu du Europan eta, batez ere, Estatu Batuetan. Asiako erraldoia eta AEBren arteko tentsioa tenkatu zuen Huawei aferak 2018an.

Txinak berrikuntza eta teknologiaren alorrean egindako apustuak mesfidantza sortu du Europan eta AEBn

Donald Trumpen gobernuak Huawei enpresari espioitza eta ziberespioitza egitea leporatu, eta nazioarteko boikota abiatu zuen. Europako eta Ozeaniako hainbat herrialde mehatxatu zituen Txinako enpresekin edozein merkataritza lotura eteteko. Gatazka 2018ko abenduaren 1ean oldartu zen, AEBk Meng Wanzhou Huaweiren zuzendari exekutiboa Vancouverren (Kanada) atxilotzeko agindua eman zuenean. 2019ko maiatzean, Etxe Zuriak AEBeko segurtasun nazionala babesteko argudioarekin, Huaweiren kontrako debekua ezarri zuen. Horrela Google eta Microsoft bezalako enpresa iparramerikarrak behartu zituen Huaweirekin lotura komertzialak etetera, enpresa txinatarrari galera ekonomiko nabariak eraginez. Joe Bidenen gobernuak ere Txinako teknologia motzean lotu nahi izan du, eta aurreko astean bertan Txinari Estatu Batuetako teknologia duten txip eta erdieroaleak saltzeko debekua ezarri zuen, txipak munduko edozein tokitan ekoitzita egonik ere.

Munduko bigarren ekonomia izatera heldu da Txina eta, barne hausnarketa baten ondorioz, hazkunde eredua aldatzea erabaki zuen. Xi Jinpingek presidente kargua hartzearekin batera Txinak hazkunde orekatu eta iraunkorraren ildoa ezarri zuen. Ekonomiaren berrorekatze horrek ondorio zabalak izan ditu Txinan eta nazioarteko ekonomian. Azken urteotan kanpoko merkataritzarekiko menpekotasuna murriztu eta barne merkatua suspertzeko politikak abian jarri ditu Xi Jinpingek, eta emaitza onak lortu ditu. Etxegintzaren alorraren hondamendiak eta Zero Covid politiketan sakontzeak, aldiz, ezbaian jarri dezake bide hori. Hazkunde ekonomikoa ez da espero bezain sendoa, izan eta moteltze batek dagoeneko mobilizatzen hasi den gizartea are gehiago asalda dezake. Susperraldia faktore batzuen mende egongo litzateke: alde batetik, hiri handietan berriro ere itxialdiak ezartzeak bere eragina izango luke; eta, bestetik, higiezinen merkatuan konfiantza nola eta, batez ere, noiz berreskuratuko den ere kontuan hartu beharreko aldagaia izango da.