Argazkia: iStock
Argazkia: iStock

Txina: Erraldoia kezka iturri

Mundua Txinari begira dago. COVID-19 kontrolatzeko ezarritako neurri zorrotzek Asiako erraldoiaren ekonomia hankaz gora jarri dute. Ekoizpen industrialak eta txikizkako salmentek behera egin dute eta langabeziak gora.

Txina planifikatutako ekonomia zer den azaltzeko adibide ezin hobea da. Bost urteko planen bitartez planifikatzen du bere ekonomia. 1953an abiatu zuen lehen plana, eta, 1963-65 aldian izan ezik, bost urtean behin beste plan bat ezartzen jarraitu du. Bost urterako politika, ekonomia, gizartea eta, orotara, herrialdea antolatzeko helburuak biltzen dituzte planek. 

Azkenengoa 2021eko martxoan onartu zuten, pandemiaren ostean. Segituan suspertu zen Txinaren ekonomia COVID-19aren lehen erasoa eta gero. Izan ere, Txina izan zen, Vietnamekin batera, 2020ko bigarren hiruhilekoan haztea lortu zuen ekonomia bakarra. Urtea hazkunde positiboarekin bukatu zuen eta 2021ean susperraldia finkatzea zen helburu nagusia.

Bost urteko plana helburu horrekin onartu zen baina aurreko planekin konparatuta aldeak nabariak ziren. Txinak bazituen etxean bertan aurre egin beharreko erronkak: hazkunde ekonomiko desorekatua eta finantza sektorearen arriskuak.  Evergrande, Fantasia Holdings, Sinic Holdings eta Modern Land bezalako etxegintzaren alorreko enpresek izandako arazoek agerian utzi zuten Txinako ekonomiaren zaurgarritasuna. Kanpoko erronkak ere ez ziren makalak. Pandemiak oraindik munduko ekonomia baldintzatzen zuen eta atzeraldia luzatzeko arriskua bazegoen.

Testuinguru ekonomikoari garrantzia ematen bazion ere, Txinak beste irizpide batean oinarritu zuen bere bost urteko plana. Kanpoko ekonomiekiko menpekotasuna murriztu nahi zuen etxeko merkatuan zentratuz. Aldaketa klimatikoari ere aintzat hartu zuten eta trantsizio energetikorako urratsak finkatu zituen. Horretarako bere ekonomiaren berrikuntza pizteko egiturazko erreformak onartu zituen. Hazkundearen helburuak lausotu zituen . 2021erako %6ko helburua ezarri eta hortik aurrera urtez urteko helburuak ezartzea adostu zuen. 

2022rako Txinak % 5,5 haztea aurreikusten zuen baina urtea okertu egin zaio

2022rako Txinak % 5,5 haztea aurreikusten zuen baina urtea okertu egin zaio. Omnicron aldaera oso bizkor hedatu da Txinan. Shanghaik, esaterako, pandemiako olaturik bortitzena pairatu du. 25 milioi biztanle ditu Shanghaik eta herrialdearen ekonomian berebiziko pisua du. Bere portua munduko nagusienetakoa da eta Txinako esportazioen % 27 suposatu zuen iaz. Shanghain ezarritako konfinamenduak ekonomia hoztu du eta herrialdeko beste eskualde batzuetan ere egoera antzerako da.

Konfinamenduaren ondorioz jarduera eten izanak ondorio sakonak eragin dizkio Txinako ekonomiari. Atzo ezagutu genituen apirileko datuek kezka sortu dute. Ekoizpen industrialak % 2,9 egin zuen behera apirilean, aurreko urtearekin alderatuta. Txikizkako salmentek are jaitsiera nabariagoa izan zuten, % 11,1. Lan merkatuak ere ez dio albiste onik eman erraldoiari: % 6,1era igo zen eta gazteena  inoizko daturik eskasena izan zen. 

Kanpoko merkataritzak ere pairatu ditu murrizketa politikak. Azken bi urtetako mailarik apalenean hazi dira esportazioak  eta inportazioak geldotu egin dira. Etxegintza alorra ere arazo iturri da. Iazko hondamendia okertu egin da enpresen finantza arazoak direla eta. Apirilean Txinako BPGak % 0,68 egin zuen atzera urtearteko datuetan. Txina egoerari aurre egin ezinik dabilela ematen du eta merkatuek ez dute uste 2022rako jarritako % 5,5eko hazkundea lortuko denik. Kezkak dardarka utzi ditu finantza merkatu nagusiak. FTSE China A50 indizeak, esaterako, %25 galdu du azken bost hilabeteetan. Atzoko datuek isla izan zuten burtsa nagusietan. Jaitsierak nagusi izan ziren Europako burtsetan, Londresen eta Madrilen izan ezik. Ibex indizea % 0,19 igo zen baina ez zen nahikoa izan 8.400 puntura iristeko. FTSE britainiarrak % 0,63 egin zuen gora, Alemaniako DAXek % 0,45, Frantziako CACek % 0,23 eta Euro Stoxx 50ek % 0,49.

Ekoizpen industrialak % 2,9 egin zuen behera apirilean, aurreko urtearekin alderatuta. Txikizkako salmentek are jaitsiera nabariagoa izan zuten, % 11,1.

Litekeena da Txinak ekainean neurri zorrotzak arintzen hastea eta ekonomia berriro ere hazkundearen bidean jartzea baina zaila izango du urte hasieran ezarritako hazkundeari eustea. Munduko ekonomiak Txinari begira daude etor litezkeen kalteei aurre egin nahian. Hornidura kateak berriro tenkatzeko beldurra geroz eta handiagoa da, batez ere inflazioaren aldetik. Txina munduko esportatzaile nagusietako bat da. Bere esportazioek 2020an munduko BPGren % 17 suposatu zuten. Europarentzat ezinbesteko merkatua da Txina, bere bazkide nagusia. Europak Txinarekiko merkataritza-balantza negatiboa du. 202.500 milioi euro esportatu zuten (esportazio guztien % 16,1) eta 383.500 milioi euro inportatu (guztizkoaren % 22). 

Txinarekiko menpekotasunari buelta emateko alternatibak

Koronabirusaren krisiak argi erakutsi zuen hornidura kateen menpekotasunaren arriskua. Erdieroaleak eta txipen eskasia horren adibide dira. Mendebaldeko herrialdeak hasiak dira arazoari aurre egiteko neurriak hartzen. Estatu Batuek eta Europak hornidura kateetan lankidetza aregotzea adostu dute. Gaur egun asian ekoizten dira erdieroale gehienak eta helburua menpekotasuna murriztea da. Erdieroaleena ez da kasu bakarra. AEBk eta Europak beste alor batzuetan ere koordinazioa sakontzea adostu dute. Osasun ekipoak eta nekazal produktuak ere biltzen ditu sinatu duten akordioak.

Europak 2030erako munduko txipen % 20 ekoiztu nahi du, gaurko bikoitza. Horretarako inbertsio plan sendoa aurkeztu zuen otsailean. Europako programa berriaren bitartez 43.000 milioi euro inbertituko dira menpekotasun horri aurre egiteko. Inbertsioa ekarpen publiko zein pribaturen bidez egingo da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK