Argazkia: iStock
Argazkia: iStock

Txina: merkatuen babes?

Buruhaustea izatetik babesa izatera igaro da Txina azken aste hauetan. Europa eta AEBko burtsa nagusiak beherantza joan diren bitartean, Txinako merkatuek goranzko joera nabaria izan dute

Eguraldiarekin bezala, ez da erraza finantza merkatuen alorrean aurreikuspenak egitea. Egoera irauli daiteke aste eta egun gutxitan eta egungo ezegonkortasun egoera ez da testuingururik onena.

Duela aste batzuk, hemen bertan Txinako egoera ekonomikoaz aritu ginen. Etxegintzaren merkatuen burbuilak eta Omicron aldaera berriari aurre egiteko murrizketek, besteak beste, maldan gora jarri zuten bertako ekonomia. Hazkunde aurreikuspenak betetzeko zailtasunak agerikoak ziren, eta finantza merkatuak Asiako erraldoiaren inguruko zalantzen isla bihurtu ziren.

Azken asteotan, ordea, gauzak zeharo aldatu dira. Inflazioak eta hari aurre egiteko Mendebaldeko banku zentral nagusiek hartutako moneta politikek astindu egin dute estanflazioaren mamua —edo ekonomiaren moteltzearena behintzat—, eta burtsa nagusien bilakaera negatiboa izan da. Dow Jonesek % 5,46 egin du behera maiatzetik, SP500 indizeak % 6,84 eta Europako erreferentziarik nagusienak, Eurostoxx50k, % 7,4 inguru. Txinan, ordea, burtsa nagusiek gora egin dute epe berean, azken aste honetan zertxobait atzera egin badute ere. China A50 indizeak % 5,19 egin du gora. Gorakada % 10era ere heldu zen uztaileko lehen astean.

COVID-19ari aurre egiteko politika zorrotzek Txinako ekonomia atzeraldian sartzeko zorian utzi zuten. Hornidura kateak kaltetu ziren, eta mundu mailako inflazioa areagotzen lagundu zuten Pekingo agintariek ezarritako neurriek. Ekonomia globalerako galga izatea leporatu zioten merkatuek Asiako erraldoiari. Hilabete gutxi batzuk beranduago, baina, egoera erabat irauli da, eta Mendebaldeko ekonomien finantza hegazkortasunaren aurrean, Txinako merkatuak babes bezala ikusten ditu hainbatek. 

Dibisaren bilakaerak baldintzatutako gorakada

BBVA Research etxeak berriki argitaratutako txosten baten arabera, Txinako ekonomia agintarien moneta-pizgarri eta pizgarri fiskalen ondorioz hasi egin da, Shanghai eskualdeko blokeo neurriak amaitu ahala. 2022an % 5,5eko hazkundeari eustea izango da Txinako erronka, BBVAko analisten arabera. Izan ere, txikizkako merkatuen salmenten bilakaera ontzat ematen dute, 2021eko datuak gainditu baitituzte. Halere, Txinako agintariek koronabirusaren aurrean ezarritako politikek Txinako ekonomiaren norabidea baldintzatuko dutela nabarmendu dute BBVAko ikerketa sailak.

Txinako merkatuen portaera hobeto ezagutzeko EnpresaBIDEAk Iñigo Beristain Perez Bilboko Pi Director Balore Agentziako merkatu analistarengana jo du. Bere ustez, bertako burtsen igoeraren arrazoi nagusia izan da dibisak, yuanak, izan duen errebalorizazioa handia, euroaren aldean: "Euroa % 7 igo da hilean, eta ia % 23 2021etik". Beristainek adierazi duenez, Txinako akzioen zorroek, eurotan, % 2-% 2,5 irabazi dute batez beste azken hilabetean. Hortaz, "mozkin guztia dibisaren errebalorizaziotik dator". Pi Director etxeko analistak, era berean, Txinako burtsen beheranzko joera nabarmendu nahi izan du: "Txinako gobernuak pizgarri ekonomiko berriak iragarri arren, Txinako burtsak beheranzko joera argia du. Azterketa, gure ikuspuntutik, yuanaren gotorlekuan zentratu behar da, Errusia, Txina eta Indiaren arteko aliantzak mesede egingo baitio".

Iñigo Beristain: "Azterketa, gure ikuspuntutik, yuanaren gotorlekuan zentratu behar da"

Txinako egoerari buruzko analisiak egiteko zailtasunak ere aintzat hartu behar direla uste du Beristainek. "Gobernuaren gardentasun faltak ahuldu egiten du hango merkatuen analisien fidagarritasuna". Horregatik eta gobernuaren esku-hartzeagatik ere, ez du gomendagarri ikusten Txinan inbertsioak egitea. "Inbertitzekotan, dibertsifikazioa ezinbestekoa da". Pi Director agentziak Txinako higiezinen sektoreko 170 akzio ditu monitorizatuta, oso emaitza desberdinekin: "Bilakaera oso desberdina da probintzia baten eta besteen arabera. Sunac higiezinen alorreko enpresak, adibidez, 'funtsezko' datu onak ditu: 2019an % 90 irabazi zuen eta ondorengo urteetan -% 42, -% 48 galdu zuen, eta aurten -% 58ko galerak izan ditu". Halako adibideek zaildu egiten dute, bere ustez, Txinako konpainietan inbertitzea, "neurri handi batean, alderdi komunistak markatutako ibilbide-orriaren araberakoa baita horien bilakaera".

Hurrengo hilabetei begira, zuhur

Naziorteko merkatuei buruz galdetuta, zuhur ageri da Beristain, meteorologian bezala, finantzetan iragarpenak egitea epe laburretatik haratago "gezurretan aritzea delako". Atzera begira jarrita, "azterketa estatistikoak duela 5 urtetik hona egindako zuzenketa handien berri ematen du, eta horietan banku zentralak izan dira protagonistak. Zuzenketa behin eta berriz saihestu dute politika hedakorren bidez, inolako zentzurik gabe, azken urte eta erdian gertatu bezala AEBeko Erreserba Federalaren kasuan". Oraingoan, ordea, banku zentralek sortutako burbuila handia tentuz desegin behar da, eta "baliteke merkatuak zuzentzea". Horrek albo kalteak ere ekarriko ditu. Izan ere, "Estatu Batuetan jada egintzat jotzen baita atzeraldia". Atzeraldi horrek Europa zipriztinduko duela uste du Beristainek, korrelazio handiko merkatua delako. Atzeraldiaren iraupenak depresioa ekar dezake, analistaren ustez. Horren aurrean "kudeaketa aktiboko" estrategiak aurrera eraman behar direla uste du, "arriskuak estali eta kontrolatuko dituena."

Informazio gehiago
Txina: Erraldoia kezka iturri
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK