Argibide eta Clean Game proiektuak izan dira Donostia Innovation Challenge sariketaren irabazleak

3Dko inprimaketa, robotika aurreratua, errealitate mistoa, adimen artifiziala eta Internet of Things (IoT) teknologien bitartez irtebide berritzaileak bilatu dituzte Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleek

Argazkia: Donostia Sustapena Argazkia: Donostia Sustapena

Teknologia berriak sustatzeko proiektu berritzaileak nahi ditu Donostiak, eta helburu horrekin egin dute gaur Donostia Innovation Challenge ekimenaren zazpigarren edizioko sari banaketa ekitaldia. Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako hamar zentrotako 350 bat ikaslek parte hartu dute egitasmoan, talentua, talde lana eta berrikuntzari lotutako gaitasunak sustatzeko asmoz.

3Dko inprimaketa, robotika aurreratua, errealitate mistoa, adimen artifiziala eta Internet of Things (IoT) teknologien bitartez irtenbide berritzaileak asmatzeko erronka jarri zaie gazteei. Bost hilabetez izan dira lanean parte hartzaileak, 200 bat lan saio eginik, eta aurtengo irabazleak Argibide eta Clean Game proiektuak izan dira.

Argi adimendunen sarea, sentsore eta hodeiko teknologiaren bidez hiriko argiteria publikoaren kudeaketa eraginkorrago eta jasangarriagoa lortzen duen proiektua da Argibide, St. Patrick’s English School ikastetxeko ikasleek burututakoa. Clean Game aldiz, Ceinpro zentroko ikasleek gauzatu duten ozeanoak garbitu eta zaintzeko erronka eta misio birtualak dituen bideo-joko bat da.

Donostia Sustapenak babestuta, Kursaal jauregian egin dute gaur ekitaldia. Marisol Gamendia Donostiako Udaleko ekonomia zinegotziak eskerrak eman dizkie egitasmoan parte hartu duten eragile teknologiko eta enpresarialei. “Gazteak dira etorkizuneko hiri bat eraikitzeko aktibo nagusia. Parte hartzea nahi badugu, beren gaitasunetan konfiantza izan eta beren talentua erakusteko aukerak eskaini behar dizkiegu”, adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK