Canva berrikuntza bila

Diseinu-tresnei aurrea hartu eta Canvak adimen artifiziala txertatzen du denen eskura dagoen programa batean

Adimen artifizial bitartez irudiak sortzeko aukera Canvan | Argazkia: EnpresaBIDEA Adimen artifizial bitartez irudiak sortzeko aukera Canvan | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ukaezina da egunero gaudela irudiz inguratuta, publizitate-hesietan, autoan, mugikorrean, telebistan. Diseinu grafikoak pisua hartu du azken urteotan, eta, aldi berean, inoiz ez da izan orain bezain eskuragarria herritarrentzat. Azken urteotan, Canva online tresnak eta aplikazioak protagonismo handiagoa hartu du, eta orain, itzulpen automatikoko eta nola ez, adimen artifizialari loturiko berrikuntzekin dator.

Diseinu grafikoko tresnak publiko orokorretik oso urrun egon dira beti. Ordenagailu bat zuen edozein erabiltzaileren esku zegoen tresna eskuragarriena zen Paint ospetsua. Denok dakigu zer gutxi egin zitekeen horrekin. Erabilera askoz profesionalagoa behar zutenentzat bazeuden eta badaude Adobe Ilustrator edo Photoshop bezalako programak, baina horiek oso ordenagailu potenteagoak behar dituzte eta haien lizentziak garestiegiak dira. Horregatik, 2012an, diseinu grafikoa demokratizatzen lagundu duten zerbitzuetako bat sortu zen Australian: Canva. Tresna hori online zein ordenagailu, smartphone edo tablet bidezko aplikazio baten bidez erabil daiteke.

Edonorentzat tresna

Askok Canva ezagutuko dute aurkezpenak egiteko tresna gisa, edo noizean behin kartelen bat edo beste sortzeko. Hasieratik, Canvak doako bertsio bat eta ordainpeko beste bat izan ditu. Azken horrek aparteko funtzio batzuk gehitzen dizkio, erabilera profesionalago baterako interesgarriak izan daitezkeenak. Canva oihal zuri birtual moduko bat da, eta zerbitzuak dituen tresnei esker, mota guztietako proiektu grafikoak sor daitezke. Ezkerreko alboko barran, irudi libreak, ikonoak edo testu-eremuak sartzeko aukera eskaintzen ditu, aurkezpen dinamiko eta bisualagoak egiteko aukera aproposa.

Abantaila handienetako bat eta, aldi berean, desabantaila handi bat da online programa bat dela, web-nabigatzailetik exekutatzen dena. Alde batetik, oso tresna moldakorra da; izan ere, konexioa duen edozein gailutatik has dezakegu saioa. Baina, bestetik, Canva erabiltzeko Internetera konektatuta egon behar da eta, beraz, ezin izango dugu edozein lekutan offline moduan lan egin. Online funtzionatzen duen tresna denez, haren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da proiektuak beste erabiltzaile batzuekin partekatu ahal direla. Gainera, Canvan egindako proiektuak PDF, JPG, PNG edo MP4 formatuetan esportatu daitezke, besteak beste.

Canva online tresnak eta aplikazioak protagonismo handiagoa hartu du, eta orain, itzulpen automatikoko eta nola ez, adimen artifizialari loturiko berrikuntzekin dator

Pandemiarekin batera, QR kodeen erabilera zabaldu zen hainbat webgunetara sartzeko, eta lehenetsita dago Canvan mota horretako kodeen sortzaile bat, edozein URL QR bihurtzen duena. Hori oso lagungarria izan daiteke kartelak, bisita-txartelak edo aurkezpenak sortzeko. Gure irudiak plataforman erabiltzerakoan, horiek album moduko batera igoko dira, eta gero beti egongo dira erabiltzeko moduan. Gainera, Google Driveko gure fitxategiak eta gainerako plataformak hodeian konektatzeko aukera ematen du.

Itzulpenak euskarara

Joan den martxoaren 23an, Canvak ekitaldi bat egin zuen, eta, bertan, bere zerbitzura iritsiko ziren eta gaur egun ezarrita dauden berrikuntzak aurkeztu zituen. Berrikuntza nabarmenen artean itzulpen automatikoa sartzea izan zen. Ezaugarri horri esker, sortutako edozein eduki testu hizkuntza askotara itzul daiteke, eta horien artean euskara dago. Funtzio honen alde ona da formatua bere horretan mantentzen duela eta testuak kokatu diren lekua errespetatzen duela.

Eta, noski, adimen artifizialaren urtean, ezin zen hori sartu gabe geratu. Hori dela eta, Canvak irudiak sortzeko aukera gehitu du, testu baten bidez, irudian zer agertzea nahi dugun adierazteko. Oraingoz, azken funtzio horrek arazoren bat edo beste sortzen du, baina denborarekin hobetzen joango da segur aski, eta oso lagungarrria izan daiteke.

Canvak irudiak sortzeko aukera gehitu du, testu baten bidez, irudian zer agertzea nahi dugun adierazteko

Canva emakume batek sortutako arrakasta handiko tresna teknologiko bakanetakoa da. Melanie Perkins australiarra izan zen plataforma honen sortzailea 25 urte besterik ez zituela, urte batzuk lehenago unibertsitatea utzi eta negozioetan hasi ondoren. Online tresnak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira, eta Ilustrator, Photoshop edo PowerPoint bezalako programa ezagunak lekualdatzen eta atzean uzten ari dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK