Enpresa txiki eta ertainen Europako Astea egingo da BECen azaroan

Basque Open Industryk bere ekosistema industriala eta teknologikoa erakusteko egitasmoa antolatu du

Argazkia: SPRI taldea Argazkia: SPRI taldea

Enpresa txiki eta ertainen Europako Astea (SME Week) egingo da BECen azaroaren 13tik 17ra bitarte. Industria sektoreko enpresen topaketa izango da, eta Basque Open Industryk bere ekosistema industriala eta teknologikoa erakusteko egitasmoa antolatu du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburuak, ekitaldiaren aurkezpenean izan da gaur, eta Europako Batzordeak EAE “berrikuntza handiko” lurralde izendatu duela gogorarazi du. “Gure jarduera berritzailea Europar Batasuneko batezbestekoa baino % 10 altuagoa da”, eta estatu mailan, “batezbestekoaren oso gainetik gaude (+% 23)”, kontatu du. Era berean, enpresa txiki eta ertainen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “gure industria enpresa txiki eta ertainen bitartez sostengatu da nagusiki”.

Hala, sailburuak Europako Asteko jarduerak ere aurkeztu ditu. Azaroaren 13an, astelehenean hasiko da, Basque Open Industryrekin, eta SPRI Taldeak antolatutako bi eguneko ekitaldia egingo da, pandemia arte egiten zen Basque Industry 4.0ren dinamika berreskuratuz. Egitasmoaren barruan, talentua, nazioartekotzea eta trantsizio energetikoa nahiz teknologikoaren inguruko konferentziak, hiltzaldiak, mahai inguruak eta tailer praktikoak ere egingo dira.

Nazioarteko beste ekitaldi batzuk ere egingo dira SME Weeken gainerako egunetan. Tartean, SME Assembly egingo da azaroaren 14 eta 15ean, Europako enpresa txiki eta ertainentzat antolatutako ekitaldia. Azkenik, Europe Enterprise Nertworken (EEN) urteko konferentzia egingo da jardunaldiaren azken bi egunetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK