Food 4 Future azokak elikagaien industriako 280 enpresa baino gehiago bildu ditu

Euskadi Basque Country postuan, Hazi, Neiker eta Elika fundazioek EAEk nekazaritzako elikagaien arloan duen "indarra" erakutsiko dute

Arantxa Tapia Food 4 Future azokaren inaugurazio ekitaldian | Argazkia: Europa Press Arantxa Tapia Food 4 Future azokaren inaugurazio ekitaldian | Argazkia: Europa Press

Hasi da Food 4 Future (F4F) ekimenaren laugarren edizioa Barakaldoko BECen. Guztira, 8.000 bisitari profesional, 280 enpresa eta nazioarteko 450 aditu baino gehiago bilduko ditu, eta elikagaien industria eraldatzeko azken irtenbide berritzaileak hurbilduko ditu Euskal Autonomia Erkidegora. Euskadi Basque Country postuan, Hazi, Neiker eta Elika fundazioek EAEk nekazaritzako elikagaien arloan duen indarra erakutsiko dute ostegunera arte.

Atzo izan zen inaugurazio ekitaldia eta bertan izan ziren Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotzia, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Javier Dueñas Food 4 Future Expo Foodtech erakundeko presidentea eta Rogelio Pozo Aztiko Food 4 Future World Summit eta CEO kongresuaren zuzendaria.

Aurten, berrikuntza gisa, Pick & Pack for Food Industry ekitaldia ere egingo da, elikagaien industriarako packaging eta logistikan espezializatutako ekimena. Era berean, edizio honek ere Food 4 Future World Summit kongresua hartuko du. Honako honetan, elikagaien ekoizpen eta kontserbazioko teknologia izango da ardatz nagusietako bat. Gainera, zehaztasuneko nekazaritzan, praktika jasangarrietan eta kontserbazio-teknologietan egindako azken aurrerapenak azalduko dira, eta IA sortzaileak eta Big Datak elikaduraren sektoreko hornidura katean duten eraginari buruz ere arituko dira.

Euskadi Basque Country

Euskadi Basque Country postuak erakundeen mailan enpresen eraldaketa teknologikoa bultzatzeko dauden tresnak partekatuko ditu, eta elikadura-ekosistemaren barruan negozio-ideia berriak garatzen laguntzeko tresnak ere eskainiko ditu, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jakinarazi duenez.

Hazi Fundazioak bi proiektu aurkeztuko ditu. Lehenengoa, Eusko labeldun behi-okela ziurtatzeko prozesuan Blockchain teknologiaren aplikazioa erakustea izango da, eta bigarrena, itsasontziak automatikoki identifikatzeko sistema bat planteatuko da, 15 metro baino gehiagoko luzera duten itsasontzi profesionalak monitorizatzeko aukera ematen duena.

Neiker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance erakundeko kideak, mikroalgen laborantza espezializatuan egindako aurkikuntzak aurkeztuko ditu.

Aldi berean, Aztiren stand-ak bost arlo "gako" izango ditu ardatz: elikagai berriak, bioteknologia, FoodTech, eta elikaduran eta osasunean negozio-aukera berriak eta berrikuntza bultzatzea.

Azkenik, besteak beste, AgroBank, Azti, Basque Culinary Center, Blendhub, Chemometric Brain, Christeyns, Basque Food Cluster, IFR, Siemens eta Tecnalia enpresek robotikan, automatizazioan, jasangarritasunean eta elikagaien zientzian eta segurtasunean dauden foodtech teknologia berrienak erakutsiko dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK