Garbiñe Manterola: “Talde lanean dago teknologia proiektu arrakastatsuen gakoa”

BRTAko Ezagutzaren Transferentziaren arduradunaren ustez, ikerketa-eremuetako ezagutzak identifikatu, babestu eta ustiatzeko bideak ezagutzea ezinbestekoa da teknologia proiektu batek aurrera egiteko

Garbiñe Manterola, BRTAko Ezagutzaren Transferentziaren arduraduna | Argazkia: BRTA Garbiñe Manterola, BRTAko Ezagutzaren Transferentziaren arduraduna | Argazkia: BRTA

BRTA 2019ko udan sortu zen, teknologia proiektuei bidea egiten lagundu asmoz. Hala ere, ikerketa-eremuetako ezagutzak identifikatu, horiek babestu eta zabaltzen jakitea konplexua izan litekeela iritzita, ikastaro bat antolatu dute Udako Ikastaroen baitan beraien ezagutzak partekatu eta hainbat adituren gaitasunak ezagutu asmoz. Ikastaroko kontuez eta teknologia proiektuen ibilbideak dituen aukera eta zailtasunen inguruan aritu da Garbiñe Manterola BRTAko Ezagutzaren Transferentziaren arduraduna EnpresaBIDEArekin.

Zer da BRTA, nola definituko zenuke?

BRTA partzuergo bat da, publiko pribatua. Guztira ikerketa kooperatiboko 4 zentro ditu eta 13 zentro teknologiko. Bost erakunde publiko ditu bazkide: Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen saila, Euskadiko hiru Foru Aldundiak eta Spri Taldea. Gehiengoa publikoa denez, asanblea orokorrean erakunde publiko bezala egiten dugu lan.

Behin hori azalduta, esango genuke gure zeregin nagusiak bi direla: alde batetik, zentroetan sortzen den ezagutza era koordinatuan eta bikaintasuna lortuz egitea eta, bestetik, ezagutza hori gizarteratzea, enpresa sarera zabaltzea. Ez da bakarrik ikerketa lana izaten, bertako enpresen eskura uztea ere beharrezkoa izaten da. Horregatik ikerketa arloan Jon Kepa Gerrikagoitia dago arduradun eta transferentzia arloan ni. 

“Gure zeregin nagusiak bi dira: alde batetik, zentroetan sortzen den ezagutza era koordinatuan eta bikaintasuna lortuz egitea eta, bestetik, ezagutza hori gizarteratzea, enpresa sarera zabaltzea”

Beraz, bi arlotan egiten duzue lan, ezagutzak sortzen eta horiek transferitzen laguntzen duzue, koordinazio lanetan aritzen zaretela esan liteke.

Hori da, gure zentroetan bakoitzak bere berezitasunak ditu. Batzuk sektore jakin batzuetan egiten dute lan; AZTIk, esaterako, itsasoari lotutako kontuekin egiten du lan eta NEIKERek aldiz, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzari lotutakoekin. Beste zentro batzuk, berriz, multifokalizatuta daude, alegia, gai eta sektore ezberdinetara begira egiten dute lan. Ikerketa kooperatiboko zentroetan oinarrizkoa den ikerketa egiten da gehienbat eta teknologia zentroetan gehiago lantzen da ikerketa horiek nola aplikatu.

Bakoitzak bere ezberdintasunak ditu baina helburua bera da: ezagutza sortu eta transferitzea. Helburu horiek lortzen laguntzen dugu guk, nolabait koordinatzeko eta laguntzeko gaude. Koordinazioa beharrezkoa da proiektuek aurrera egiteko; talde lana da, azken finean, proiektu arrakastatsuen gakoa. 

Ikerketa eta ezagutza prozesua ere beharrezkoak dira, baina jar dezagun arreta transferitze prozesuan, izan ere, BRTAko ezagutzaren transferentziaren arduraduna zaitugu. Zein da transferentzia on bat egiteko jarraitu beharreko ibilbidea?

Transferentzietan oso ohikoak izaten dira enpresa eta zentroek elkarlanean egindako ikerketa-proiektuak, epe jakin bat izaten dutenak eta kontratu bidez egiten direnak.

Beste bideetako bat balorizazioa izaten da, zentroak bere ikerketa egiterakoan ezagutza sortzen du eta hori era ezberdinetara bidera lezake. Ezagutza aktibo moduan identifikatu, propietate industrial edo intelektual moduan babestu eta behin babestuta merkaturatzeko bide ezberdinak daude. Ezagutza patente moduan babestea izan liteke aukeretako bat eta lizentzia bidez enpresa batek eskuratzea ondoren merkaturatzeko. Halako kasuetan, enpresak berak bakarrik izan dezake ezagutza, hau da, ezagutza hori esplotatzeko aukera berak bakarrik izan dezake, adibidez.   

Beste bide bat, enpresa berria sortzea izan liteke. Askotan, sorkuntza bera patente moduan ez da ikusten negozio izan daitekeenik, negozio aukera errazago ikusten da enpresa bat sortzean.  Noski, BRTA zentroetatik sortutako enpresak beti teknologian oinarritutakoak izaten dira.

Behin ezagutza identifikatuta, horiek ezagutaraztea eta balioan jartzea prozesu konplexua izaten al da?

Beti da konplexua. Azken finean, teknologia bat sortu eta negozio aukera ikustea ez da erraza. Horregatik dira ikerketa eta teknologia zentroak enpresen lagungarri, zeregin hori errazten diegulako.

BRTAko zentroek merkatu aukerak identifikatu behar izaten dituzte, bai eta negozio aukerak ere, aztertu egin behar izaten dute nola babestu ezagutza bat, babestu ondoren nola egin tratua hori merkaturatzeko; eta hori lan konplexua izaten da.

BRTA konplexutasun hori hobetzeko aukera polit bat dela uste dugu. Lehendabizi etxe barruan egin nahi izan dugu lan eta, sortu berritan, gure zentro guztietako balorizazio arduradunekin bilerak egin genituen norbere praktika onak, indarguneak, ahulguneak eta zalantzak mahai gainean jarri eta irtenbideak emateko. Hala ikusi genuen etxe barruan ere badugula zer hobetua baina lagungarria izan da elkarbanatze prozesu hori. Horregatik antolatu dugu ikastaroa, gure ezagutzak etxe barruan bakarrik ez, kanpoan ere ezagutu ditzaten eta guk ere kanpoko adituek esandakoak entzun eta gure lana osatu dezagun.

Azken finean, ekosistema kontu bat da, eragile ezberdinek ikusi behar dute proiektuak dauzkan alderdi positiboak, eta martxan jartzeko zein prozesu den egokiena.

“Ezagutza identifikatu eta hori ezagutaraztea beti da konplexua. Azken finean, teknologia bat sortu eta negozio aukera ikustea ez da erraza”

Eta, hain zuzen ere, prozesu hori azaltzeko ikastaro bat antolatu duzue Udako Ikastaroen baitan, uztailaren 18 eta 19an. Egun bakoitzean zer kontatuko duzue, nola egongo da banatuta?

Ikastaroak Donostiako Miramar Jauregian egingo ditugu, bi egunez, eta egitura aldetik biak oso antzekoak izango dira. Adituek beren ezagutzak eta proposamenak partekatuko dituzte bertaratzen direnekin eta kasu praktikoak ere egongo dira. Amaieran mahaingurua izango da gaiaren inguruko zalantzak, argibideak eta xehetasunak partekatzeko.

Lehenengo egunean “jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa ikerketa guneetan” izenekoa landuko dugu. Orokorragoa izango da, prozesuen inguruan ariko gara, aktiboak nola identifikatu eta nola babestu azalduko dugu. Aktibo horiek merkaturatzeko bidean zer egin izango dugu kontagai, betiere enpresa bat sortzea ez den beste aukerak azalduko ditugu. Esaterako, kasu praktikoen artean egongo dira propietate intelektual bat nola merkaturatu zertifikatu baten bidez, eta patentea lizentzia bidez merkaturatzeko kasu bat ere izango dugu aztergai.

Hori ikastaroko lehenengo egunean. Enpresa sortzeak bere ibilbide propioa izan dezakeenez, ikastaroko bigarren eguna baliatuko dugu horretarako, balorizaziorako bide esanguratsu moduan enpresa berriak sortzearen bideak aztertuko ditugu.

Azken finean, bi egunez kasu ezberdinak aurkeztuko ditugu eta ez dira BRTAko ordezkariak bakarrik egongo, beste eragileetako adituek, enpresetako ordezkariek eta unibertsitateek ere beraien kasuak azalduko dituzte.

Bereziki, nori zuzendutako ikastaroak dira?

Edonork izango du ikastaroetara bertaratzeko aukera, irekia da. Hala ere, uste dugu BRTAko ikerlarientzat oso erabilgarria izango dela, baina baita euskal ikerkuntza, teknologia eta berrikuntzako edozein eragilerentzat ere. Era berean, unibertsitateko edota masterretako ikasleentzat ere interesgarria izan liteke, halako ezagutza izateak eragin positibo ugari baititu. Eta nola ez, enpresetan bereziki ikerketa edota berrikuntzako ardurak dituzten profesionalentzat oso baliagarria izan liteke. 

Labur-labur, zergatik izan liteke interesgarri ikastarora bertaratzea?

Ikastaroa prestatzerako garaian, hasieratik argi izan dugu kalitatezko hitzaldiak eskaini nahi genituela, teoria ongi azaltzeaz gain, egiazko kasu praktikoak ere azalduta. Azkenean, bertaratzen denak, gure jarduna ezagutu eta transferentzietarako dauden aukera ezberdinak ezagutzea lortu nahi dugu.  Gaia konplexua da baina horrek ez du esan nahi oso erabilgarria ez denik. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK