IKERLANek egoitza berria ireki du Bilbon, Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker

Egoitza berriak teknologia sortu eta transferitu nahi du, talentua erakarri eta garatzearekin batera

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendaria egoitza berria irekitzeko hitzarmenaren sinaduran | Argazkia: IKERLAN Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendaria egoitza berria irekitzeko hitzarmenaren sinaduran | Argazkia: IKERLAN

Ion Etxeberria IKERLAN zentro teknologikoko zuzendari nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lankidetza hitzarmena sinatu dute, hirian egoitza teknologiko berria irekitzeko. Egoitzak, teknologia digitalen, energiaren eta industria adimenduaren esparruetan ezagutza sortzeko eta enpresetara transferitzeko proiektu teknologikoak hartuko ditu. Hala, azken honekin, hiru izango dira IKERLANek dituen egoitzak, Galarretan (Hernani) eta Arrasaten dituen egoitzei gehituz.

“Lankidetza eta teknologia transferentzia indartu nahi diegu Bilboko eta inguruko enpresei, hurbiltasun handiagoagatik”, adierazi du IKERLANeko zuzendari nagusiak. Gaur egun, zentroak Bilboko eta Bizkaiko 60 enpresa baino gehiagorekin egiten du lan, batez ere energiaren, mugikortasunaren, fabrikazioaren, elektronikaren eta IKT sektoreetan dihardutenekin.

Urtero, hamar unibertsitate baino gehiagotatik doazen 100 ikasle inguru trebatzen dira IKERLANen, eta talentu-harrobi garrantzitsua osatzen dutela adierazi du Etxeberriak, bai zentroarentzat eta baita harekin lankidetzan aritzen diren enpresentzat ere. Ildo horretatik, adierazi duenez, “Bilbon talentu teknologikoaren garapena eta erakarpena bultzatu nahi dira, hirian jarduerak egiten dituzten unibertsitate nagusiekin lankidetzan”.  

Egoitza berriak hogei profesionalekin ekingo dio jarduerari, eta, aurreikuspenen arabera, epe ertainean ehun bat langile izango dira Bilbon. Gainera, prestakuntza espezializatua eskainiko du eta dibulgazio eta hedapen teknologikoko ekitaldiak antolatuko ditu, besteak beste, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, konputazio kuantikoa eta trantsizio energetikorako beharrezko teknologiak, nazioartean garrantzia duten ikerlarien eskutik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK