Nolakoa izango da etorkizuneko fabrika?

Gaurtik bost, hamar edo hogei urterako industria lantegien ezaugarriak xehatu zituzten atzo sektoreko zenbait adituk fabrikazio aurreratuaren kongresuan. Etorkizuneko fabrikek adimen artifiziala eta robotika izango dituzte ardatz, baina langileak ere erdigunean izan behar dituztela uste du sektoreak

Atzoko mahai inguruko une bat | Argazkia: EnpresaBIDEA Atzoko mahai inguruko une bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

Etorkizuneko fabrika nolakoa izango den galdetuz gero, gehiengoak adimenduna, punta-puntako teknologia duena, erabat automatizatua eta robotika aurreratua duen espazio bat irudikatu luke. Akaso, egungo lantegi batean baino langile gutxiago egongo lirateke, eta pertsonak baleude, azken nobedadeko makineria modernoa maneiatzen aritzea litzateke ziurrena.

Egun hauetan makina-erreminta eta fabrikazio aurreratu eta digitaleko kongresu nazionala egiten ari dira Gipuzkoako Parke Teknologikoan, Donostian. Hainbat hitzaldiren artean, etorkizuneko fabrikari buruzkoa egin dute, eta hainbat adituak parte hartu dute bertan. Lehenik eta behin, Agustin J. Saenzek hitz egin du gaiaren inguruan. Saenz Tecnaliako Estrategia, Merkatua eta Teknologia zuzendaria da, eta etorkizuneko fabrika, teknologia ikuspegitik ez ezik, negoziotik aztertu nahi izan du.

“Ez dakigu nolakoa izango den etorkizuneko fabrika, izan ere, orain egunero egiten dugunak zehaztuko du hori. Zer ezaugarri izan behar dituen da dakiguna”, azaldu du Saenzek. Fabrika malgua izango da, oso automatizatua bai hardwarean eta bai softwarean, adimenduna eta ingurumena errespetatuko duena.

Makina malguak, elkarren artean konektatuak, gardenak, monitorizazio sistemak, lantegi bateko informazioa denbora errealean ematen duen teknologia, programazio automatikoa, gauzen interneta (IoT), datu analitika, robotak… elementu guzti hauek aipatu ditu Tecnaliako adituak. “Formakuntza, berrikuntza eta ekoizpena uztartuko dituen zentro hibridoak izango dira”.

Agustin J Saenz: “Ez dakigu nolakoa izango den etorkizuneko fabrika, izan ere, orain egunero egiten dugunak zehaztuko du hori. Zer ezaugarri izan behar dituen da dakiguna”

Dena den, sektoreko ikerlari askoren arabera, etorkizuneko fabriketako erreminten gakoa, hauen eraginkortasun teknologikoa baino, langilearekiko egokitzapen gaitasuna izango da. Izan ere, ez da soilik makina, baizik eta makina ingurune eta pertsona batzuen artean egokitu behar izatea. Testuinguru horretan, Tecanliakoak human in the loop kontzeptua izan du hizpide, zeinak makina adimendua eta pertsonaren arteko jarduera uztartzen dituen. “Zaila da pertsona eta algoritmoa argazki berean sartzea”.

Halaber, fabrikak sekula ikusi gabeko abiaduran eboluzionatzen ari diren aldia dela diote merkatuko eragile ugarik, eta beste hainbat gaitasunen artean, merkatu aldakor batean egokitzeko eta aldi berean produktu desberdinak egiteko gaitasuna izango beharko dute. Horren harira, konpetentzia baino gehiago partnerrak izango dira merkatuan, izan ere, sektoreko ziurgabetasunari aurre egiteko erakundeen arteko kolaborazioa funtsezkoa izango da, hala nola, enpresa, zentro teknologiko, erakunde publiko, start-up eta unibertsitateen artean.

Saenzen iritziz, "ziurgabetasuna izango da ziurtasun berria", eta merkatuan pasatzen dena pasatzen dela, teknologia eta berrikuntza izango dira irtenbideak, betiere jasangarritasuna oinarri hartuta.

Jasangarritasuna oinarri

Hain zuzen, jasangarritasuna, gaur-gaurkoz edozein enpresaren ardatz estrategikoa dena izan du hizpide Elena Corralesek, Navantia Sienergies enpresako arduradunak. Industria jasangarria garatzea beharrezkoa da etorkizunean fabrikak existitzen jarrai dezaten. Itsas energia eolikoaren sektorean dihardu Navantiak, eta etorkizunera begira, eta egungo nazioarteko testuinguru ekonomikoa ikusita, energiaren eta independentzia energetikoaren garrantzia nabarmendu du Corralesek. “Energiarik ez balego, ez legoke industriarik eta ekonomia eten egingo litzateke”.

Halaber, etorkizuneko fabrikaren harira, bi ideia nagusi helarazi ditu Corralesek. Batetik, arestian aipatutako sektoreko eragileen arteko kolaborazioa, eskaria industriaren ekoizpen gaitasuna baino handiagoa izango baita bere aburuz, eta lankidetza “industria ehunaren katalizatzailea” izango dela uste du. Bestetik, teknologiaren humanizazioa jo du giltzarritzat, “makina erabiliko duen pertsonan ardaztu behar dugu teknologia, lana humanizatu behar dugu”.

Elena Corrales: “Makina erabiliko duen pertsonan ardaztu behar dugu teknologia, lana humanizatu behar dugu”

Corralesekin mahai ingurua beste hainbat adituk partekatu dute, tartean, Nerea Aranguren izan da. Danobat Group enpresako eta Ideko zentro teknologikoko kideak zerbitzuen komertzializazioa nahiz zerbitizazioa izan ditu hizpide. Arangurenek orain urte batzuk egindako fabrikazio aurreratuko kongresua aipatu du, teknologiaren inguruan oso baikor zirela gogoratuz. “Orduan jada teknologia eskura genuenez, hurrengo pausoak istant batean emango genituela pentsatzen genuen. Orain, ordea, etorkizunera begira teknologiaren beste alderdi asko landu beharra dagoela ohartu gara”.

Azkarra, malgua eta bikaina

Mahai ingurua Guillermo Martin egoitza nagusia Valladoliden duen DGH enpresako berrikuntza eta teknologia arloko zuzendariak eta Fernando Saenz Savvy Data Systemseko gerenteak osatu dute. DGH ingeniaritza eta industria mantenurako zerbitzuak emateaz arduratzen da, eta industria lantegietan 2.000 robot baino gehiago instalatu ditu. Savvy datuen analitikan espezializatutako kontsultoria digitala da, eta industria sektoreko lantegiak digitalizatzeaz arduratzen da.

Enpresen jarduerak emandako eskarmentua kontuan hartuta, adimen artifizialaren garrantzia nabarmendu dute bi hizlariek, eta horren baitan segurtasuna izan dute mintzagai, besteak beste. Hau da, egungo fabriketan pilatzen diren datuak zeini eman. Hala, sektorean beste ezeren gainetik, eta lehen aipatutako kolaborazioa aintzat harturik, konfiantza ezinbestekoa dela azaldu du Saenzek.  “Argi utzi behar da zeinenak diren datuak eta zer eskubide ditugun horien inguruan. Normalean, prozesua gauzatzen ari den enpresarenak izan ohi dira datuak, eta sarritan ez dira makineriaren jabeak”.

Guillermo Martin: “Etorkizunean emango diren aldaketa guztiak kudeatzen jakin behar du langileak, eta horiekin lan egiten ikasi"

Edonola ere, Martinen ustetan, datuek eta makina teknologikoek pisu handia izango badute ere, fabrika baten benetako eraldaketa eta eboluzioaren gakoa langilean egongo da. “Etorkizunean emango diren aldaketa guztiak kudeatzen jakin behar du langileak, eta horiekin lan egiten ikasi. Horregatik, lan asko egiten dugu guk interfacerekin”, kontatu du DGHko zuzendariak.

Finean, etorkizuneko enpresak merkatuaren aldaketa guztietara egokitzeko bizkortasuna izan behar du, eta aldi berean aldaketa horietarako malgutasuna ere funtsezkoa litzateke. Gainera, horri guztiari merkatuko kuota mantentzeko bikaintasuna gehitu behar zaio. Hiru elementu hauek une berean izatea da etorkizuneko lantegiari eskatuko zaiona, eta horretarako, enpresak bakarrik jarduteak ez, sektoreko eragileen arteko kolaborazioak ahalbidetuko fabrika berrien sorkuntza.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK