Tekniker Sitolub proiektu europarra gidatzen ari da

Likido industrialak ebaluatzera eta ingurunea gehiago errespetatzen duten 'ekokoipeak' eta olioak garatzera bideratuta dago proiektua

Tekniker parke teknologikoko laboratorioa | Argazkia: Tekniker Tekniker parke teknologikoko laboratorioa | Argazkia: Tekniker

Industriak praktika jasangarriagoetarako trantsizio garaia bizi du, eta praktika horiek, lubrifikatzaileen esparruan, hainbat sektoretan makinarien eta ekipoen funtzionamendu egokia bermatzeaz arduratzen dira, eta alternatiba seguruagoak eta errespetuzkoagoak bilatzera bultzatzen dituzte fabrikatzaileak, ingurumen-aztarna murrizteko eta ingurunea errespetatzeko.

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoa, Sitolub proiektu europarra gidatzen ari da uneotan. Proiektuari esker, hainbat industria jardueretara egokitutako "ekokoipeak" eta olioak garatu ahal izango dira eta likido industrialak ebaluatu, haien eraginkortasuna ziurtatuz eta haien ingurumen eta gizarte inpaktua modu integralean kontuan hartuz. 

Teknikerrek ohar batean azaldu duenez, proiektu honen helburu nagusia "simulazio-tresna integratuak garatzea da, adimen artifizialeko metodoen bidez, lubrifikatzaileak formulatzeko eta hauen segurtasun eta jasangarritasun alderdiak ebaluatzeko gai direnak, besteak beste, pertsonentzako toxikotasuna, ingurumenean sortzen duten inpaktua eta langileentzat izan daitezkeen arriskuak".

Euskal zentro teknologikoak materialen propietate fisikoak eta kimikoak eta hainbat egoeratan haien portaera ebaluatuko ditu. Halaber, sortutako simulazio tresna guztiak integratuko dituen plataforma digital baten garapenean lan egingo du, eta Sitoluberen esparruan eta haren etorkizuneko ustiapenean sortutako datu guztiak aztertu eta prozesatzeko balioko duela azaldu du Teknikerrek.

Egitasmo hau Horizon Europe ekimenak babesten du, Europako zazpi herrialdetako hamabi bazkideren partaidetza du, eta 2027an amaituko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK