Zibersegurtasuna "etorkizun handiko" sektorea izango da EAEn

Biztanleko zibersegurtasun enpresen kopurua Espainiakoa eta Europakoa baino "askoz handiagoa" da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Zibersegurtasunaren inguruko jardunaldia antolatu dute GAIAk eta Cybasquek | Argazkia: EnpresaBIDEA Zibersegurtasunaren inguruko jardunaldia antolatu dute GAIAk eta Cybasquek | Argazkia: EnpresaBIDEA

Zibersegurtasun arloan inbertsioa egiteko espazio “erakargarria” da EAE. Hala ondorioztatu dute GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak eta Cybasquek antolatutako zibersegurtasunari buruzko jardunaldian. Lankidetza publiko-pribatuak egiteko esparrua eta zerga inguru egokia dela adierazi dute. Hala, sektorearen etorkizuna ere “etorkizun handikoa” dela uste dute.

Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen bitartez ere parte hartu du gaurko ekitaldian, eta babes instituzionalaren garrantzia azpimarratu dute, besteak beste, I+G arloan, berrikuntzan, ekintzailetzan edota nazioartekotzean. Hala, SPRIk 3,5 milioi euro bideratuko ditu aurten zibersegurtasun arloko enpresa ehunera.

Ekitaldian izan dira besteak beste, Arantxa Tapia, Eusko Jaurliratzako Ekonomiaren Garapeko Sailburua, Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea eta Xabier Mitxelena Cybasqueko presidentea. Azaldu dutenez, EAEn biztanleko zibersegurtasun enpresen kopurua Espainiako eta Europako baino askoz handiagoa da. Zehazki, milioi bat biztanleko 79 enpresa aurki daitezke, Espainian eta Europan aldiz, 28 eta 22,8 enpresa, hurrenez hurren.

Horrez gain, egun EAEn 59 start-up ari dira zibersegurtasun arloan lanean. Mitxelenak azaldu duenez, “zibersegurtasuna da proiekzio profesional handiena duen sektoreetako bat, eta EAE Europako zibersegurtasunaren buruan kokatu da azpiegiturari eta giza baliabideei dagokienez. Gainera, gero eta erronka handiagoa dugu: talentu-arrakala. Sektorearen egoera ezagutzea ezinbestekoa da beharrezko neurriak hartzeko, besteak beste: inbertsioa, berrikuntza eta aldaketa kulturala”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK