Ostiralean itxiko da Zinemaldia Startup Challenge lehiaketan izena emateko epea

Lehiaketa honen bitartez, ikus-entzunezko sektorean teknologia berritzaileko enpresen sorrera sustatu nahi dute

Argazkia: Donostiako Zinemaldia Argazkia: Donostiako Zinemaldia

Donostiako Zinemaldiak egitasmo berri bat abiarazi du, ikus-entzunezkoen sektorean ekintzailetza bultzatzeko asmoz: Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa. Ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Ekonomia Sustapenerako, Jasangarritasunerako Ingurumenerako departamentuaren eta SPRIren bitartez, eta Zinemaldia & Technology jardunaldien testuinguruan egingo da, Zinemaldiak Tabakalerarekin, ALIArekin, Tecnaliarekin eta Vicomtechekin antolatutakoetan. Jardunaldi honek espazioa izan nahi du ikus-entzunezkoez eta teknologiaz hausnartzeko.

Lehiaketaren helburua da duela gutxi sortutako ekintzaileak eta start-upak saritzea, betiere ikus-entzunezkoen sektoreari lotuta badaude, eta teknologia berritzaileei lotutako enpresa proiektu berriak badira. Bete beharreko beste ezaugarri bat izango da 2016ko abenduaren 31ren ondoren sortutakoa izatea Europako herrialderen batean, eta aztertuta izatea proiektua EAEn garatzeko aukera —nahiz eta ez den derrigorrezkoa izango ondoren bertan garatzea—.

Lehiaketaren baitan, bi enpresa-proiektu sarituko dituzte, 10.000 eurorekin, eta hirugarren sari bat jasoko du pertsona edo ekintzaile talde batek, 3.000 eurokoa. Era berean, hamar proiektu finalistek bestelako zenbait sari jasoko dituzte. Izena emateko epea zabalik izango da ostiralera arte, eta online egin ahalko da Zinemaldiaren webgunearen bitartez. Lehiaketari buruzko gainontzeko xehetasunak ere toki berean daude eskuragarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK