2023 gure poltsikoetan

Inflazioa, elikagaien prezioa, energia, garraioa... zeresana ematen jarraituko dute 2023an

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Urte berria asmo berriekin hasteko ohitura dugu. Ekonomian, baina, gauza askotan zaharrak berri izango direla dirudi. 2023ra begira espero daitekeena jasotzeko asmoz, hona hemen gako izan daitezkeen hainbat alderdi.

Inflazioa

2022ko hitz ekonomikoa izan da segur aski inflazioa. Udan %10eko langa gainditu ondoren, irailetik aurrera beheko joerari heldu zion. Azaroan %6,7 inguruan kokatu zen, iaz itxitako datu berdintsuan —%6,5 izan zen abenduko inflazioa—. Baina batez beste %8,5en bueltan izango da.

2023an adituek diote beheko joera horri eutsiko diola, baina jaitsiera hori ez da %2raino helduko, printzipioz Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen zifra horretara. Espainiako Bankuaren aurreikuspena da urte osoko inflazioa %5,6koa izan litekeela, eta Eurogunean %6,4koa. Horren ondorio nagusienetako bat erosahalmenaren galera da, batez ere iaz eta aurten KPIaren araberako soldata igoerak izan ez dituzten langileen kasuan.

Espainiako Bankuaren aurreikuspena da urte osoko inflazioa %5,6koa izan litekeela, eta Eurogunean %6,4koa. Horren ondorio nagusienetako bat erosahalmenaren galera da

Elikagaien prezioa

Inflazioak beheranzko joerari eutsi badio ere, behar bezainbeste ez jaistearen arrazoietako bat elikagaien prezioak izaten ari dira. Janariaren inflazioa %15en bueltan dago oraindik, nahiz eta urrian lehen aldiz %0,3 jaitsi den. Maila hori hain altua izatearen arrazoietako bat dira oinarrizko zenbait elikagai, hala nola azukrea, olioa, esnea, edo irinak eta bestelako zerealak. Aipaturiko elikagai horien prezioak %30 eta %40 bitarte igo dira. Caixabank Researchen datuen arabera, urte arteko gastua %18 inguru igo da.

Munduko Bankuen datuen arabera, ez da aurreikusten datorren urtean prezio horiek behera egiterik. Batez ere energiaren prezioek behera egingo badute ere, altu mantenduko direlako. 

Energia, gasa eta gasolina

Aurreikusten da energiaren prezioak %11 inguru jaistea 2023an, baina oraindik ere garesti mantentzea. Energiaren %68,4an izan zen martxoan eta %48,5an abuztuan. Europak onartu du Iberiar Salbuespen gisa ezagutzen zena gainontzeko herrialdeetara zabaltzea. Maiatzaren 30era arte izango da indarrean.

Galdara zentralak gasari loturiko azken baliabideko tarifa eskatu dezakete, betiere banakako kontagailuak jarrita. Dekretua 2023ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean printzipioz.

Aurreikusten da energiaren prezioak %11 inguru jaistea 2023an, baina oraindik ere garesti mantentzea

Garraioa

Mantendu egingo da garraio txartelen gaineko % 50eko deskontua, bai BAT, BARIK eta MUGI txarteletan, bai Renfeko bonuetan. Eta Nafarroako garraio publikoaren kasuan %30ekoa izango da, Madrilgo gobernuak ezarritakoarekin bat eginda.

Hipotekak

Interes-tasen igoera gehiago ekar litzake inflazioa espero baino luzeragorako iritsi izanak, hori izango baita Europako Banku Zentralak horretarako erabiliko duen tresna. Horrek zuzeneko eragina izango du Euriborrean —dagoeneko %3ko langa gainditu du—, eta ondorioz, hipoteketan. Aldakorren kasuan, dagoeneko eragina izan du eta izango du, hilean 250 euro gehiago ordaintzeraino —gogoratu urtean behin berrikusten dela ordaindu beharreko interes kopurua, Euriborraren arabera—. Baina finkoetan ere, hemendik aurrera eskatzen diren hipoteka finkoetako interesak altuagoak izango baitira.

Zaurgarrienen kasuan, hipoteka horren pisua arintzeko Praktika Onen Kodera atxikitu ahalko dira. 25.200 euro baino gutxiagoko errentak dituzten familiek gabealdia izan ahalko dute 5 urtekoa edo 2 urtekoa, eta 29.400 baino gutxiagokoentzat urtebetez kuota izoztu ahalko zaie.

25.200 euro baino gutxiagoko errentak dituzten familiek gabealdia izan ahalko dute 5 urtekoa edo 2 urtekoa, eta 29.400 baino gutxiagokoentzat urtebetez kuota izoztu ahalko zaie

Pentsioak eta DSBE

Azaroan batez besteko inflazioa % 8,5en izan zenez, pentsioak hala igoko dira. Batez besteko pentsioa 115 euro handitu. Iaz igoera %2,5, batez besteko inflazioa % 5,5koa izan zenean. Aurtengo igoerarekin ez da guztiz konpentsatuko, baina behintzat koska bat igoko da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, diru-sarrera bermatzeko errenta igo egingo da 2023ko urtarriletik aurrera. Prestazio estandarra 727tik 789ra igoko da urtarrilean (%8,5) eta 800era apirilean. Eta 18 urtetik gorakoek eskatu ahalko dute, nahiz eta 3 hilean behin berrikusiko den.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK