50.000 afiliatuen langa gaindituz ospatu ditu 50 urteak LABek

Sindikatua "osasuntsu eta indar betean" dagoela azpimarratu dute koordinatzaile nagusiek. Ekitaldia borobiltzeko, aitortza egin zaie lehenengo bi idazkari nagusiei, Rafa Diezi eta Ainhoa Etxaideri

Hainbat afiliatu oholtza gainean | Argazkia: LAB sindikatua Hainbat afiliatu oholtza gainean | Argazkia: LAB sindikatua

LAB sindikatuak mende erdiko ibilbidea bete duen honetan, 50.000 afiliaturen langa gainditu dutela jakinarazi du Bilbon, Euskalduna Jauregian, 50. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldian. "Osasuntsu eta indar betean egonda, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea" zabaltzen jarraituko dutela hitzeman dute Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile orokorrek. Hauekin batera, ekitaldian sindikatuko 400 bat kide eta LABeko idazkari nagusiak izandakoak, besteak beste, Rafa Diez eta Ainhoa Etxaide egon dira.

Aranburu eta Arroyoren esanetan, 50 urteotan egindako bidea oparoa izan da. Halaber, "hazten" ari den sindikatu bat dela nabarmendu dute, eta datuek hori diote. Iazko urtea 49.476 afiliaturekin amaitu zuten, eta azken lau hilabeteetan beste 500 gehitu dituzte. Koordinatzaile orokorren hitzetan, "herri hau desagerrarazteko estrategia desberdinak indargabetu" dituzte eta "Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu delako eta eratzen ari delako, bi estatuetako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan".

Sindikatuaren sorrera eta 50 urteotako ibilbidea zuhaitz baten hazkundearekin alderatu dute. LABek jarritako hainbat hazi (dela nazioa kontzientziarena, klase kontzientziarena eta feminismoarena) ernaldu zirela, eta "hazi horrek sustraiak" bota zituztela azaldu dute. "Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzen ari gara orain, gure egitasmoa aberasten, zabaltzen ari gara". Amaieran, omenaldia jaso dute sindikatuko lehenengo bi idazkari orokorrek, Rafa Diezek (1992-2008) eta Ainhoa Etxaidek (2008-2017). Biei LABen ibilbidea hiru hitzetan laburbiltzea eskatu zaie. 

Diezek, "harrotasuna, uztarketa eta eraldaketa" aukeratu ditu. Haren esanetan, "ziklo politiko berri bat hastear gaude erakundeetan. LAB gakoa izan daiteke beste egoera batera heltzeko". Etxaidek "krisia, anbizioa eta kolektiboa" hitzak aipatu ditu, "egoerak aldaltzeko anbizioa da. Gure egoerak aldatu nahi dituen sindikatu bat delako. Ez gara inoiz konformatu". Amaieran, sindikatuan ibilbide luzea egin duten hainbat afiliatu igo dira oholtza gainera. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK