Aldarrikapen eguna izango da Maiatzaren Lehena sindikatuentzat

Beste behin ere, mezuak enpleguen kalitatea hobetzera zuzenduta egongo dira, langileria hobeto bizitzeko

Argazkia: ELA Argazkia: ELA

Asteazken honetako Maiatzaren Lehenean sindikatuek aldarrikapenez beteko dituzte Euskal Herriko kaleak. Manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan goizean eta Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko dira. 

ELA

ELA sindikatuko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak gogorarazi du lau gai nagusik laburbiltzen dutela egungo egoera sozioekonomikoa: "enpresen etekinak handitu dira; langileen lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute (erosteko ahalmenaren galera, zerbitzu publikoen okertzea, etxebizitza, prekaritatea...); gobernuen konplizitatea; eta ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta".

Lakuntzak errealitate honen aurrean, bestelako politika publikoak defendatu ditu: "Patronalaren interesen eta botere ekonomikoen kontrako borroka politiko, sozial eta sindikala egitea da aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra. Borroka hori alboratzen bada, langile klaseak beharrezkoak dituen aldaketak baztertzen dira. Ezkerreko espazioetan adostasunak lortu beharko lirateke egungo politikei aurre eginez, alternatiba sozial, feminista eta ekologista bat defendatzeko".

ELA sindikatuak ere gastu militarra gora doan bitartean, murrizketa sozial larriagoak daudela azpimarratu du. Ane Zelaia "ELA kezkatuta dagoela belizismoaren gorakadagatik, gastu militarra gehiago handitu delako, eta, aldi berean, arlo sozialean austeritate politikak nagusitzen direlako. Benetako arduragabekeria da, armagintzaren mesedetan". Era berean, Zelaiak ohartarazi du Europako Batzordeak iragarri duela murrizketa politiketara itzuliko dela, eta "Europako egungo politikak ez direla berdeak, ez sozialak, ez bakera bideratutakoak".

ELAk langileak manifestaziora deitu ditu Bilbon eta Iruñean Antolatu, borrokatu, irabazi lelopean. Biak 11:30ean izango dira, Bilbokoa Jesusen Bihotzatik abiatuko da eta Iruñekoa Gurutzeko plazatik.

LAB

50. urtemugako ospakizun betean dator aurtengo Maiatzaren Lehena LAB sindikatuarentzat. Beste behin, sindikatuaren asmo nagusia langileen lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea izango da. Sindikatuak eginiko azterketa ezberdinetan "dualizazioa" ikusten dela salatu dute: "Euskal langileen %50 baino gehiago egoera prekarioan bizi dira, izan beharturiko eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ari direlako, langabezian daudelako edo 1400€-tik beherako soldata kobratzen dutelako. Bizi baldintza duinak dituztenen eta egoera prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. Sistema honek langileen artean genero, adin nahiz jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak sortzen ditu".

Era berean, Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, gehiengo sozialak bestelako politikak nahi dituela ere nabarmendu du: "Euskal Herriko gehiengo zabalak bat egiten du eraldaketa sozialaren aldeko aldarriekin. Politika publiko hobeak nahi ditu, osasun sistema publiko sendoa, zaintza sistema publiko komunitarioa, soldata eta pentsio duinak. Horiek guztiak aldarrikatu ez ezik, lantokietan eta kalean borrokatzen ari gara. Azken bi urteotan bizi-bizi egon da borroka sindikal eta soziala".

Horregatik, Maiatzaren Lehen honetan, sorrerako konpromisoan berretsiko da LAB sindikatua: "Langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraituko dugu"

LAB sindikatuak manifestazioa deitu du Langile borroka zabaltzen. Eskubideak. Burujabetza.  Eraldaketa lelopean. Aurtengo deialdia berezia izango da, izan ere, Iruñean egingo dute hitzordu nazionala. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta manifestazioa 11:30etan abiatuko da Gazteluko plazatik. Ondoren, 12:30etan ekitaldi nagusia egingo dute Anaitasunan. Arratsaldean herri bazkaria eta kontzertuak izango dira. Bestalde, Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko dira intersindikalarekin, hain juxtu, Baionan. Santa Ursula plazatik 11:00etan abiatuko dira protestak.

UGT

Raul Arza UGTko Euskadiko idazkari nagusiak gidatuko du CCOO eta UGTk batera egingo duten manifestazioa, Bilbon. Arzak enplegu duina, egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko beharra nabarmendu du, lan-etorkizun iraunkorra bermatzeko. Idazkari nagusiak lan-kontratua babesteko, enpresa-marjinak banatzeko, enplegua eta soldatak hobetzen jarraitzeko eta lanaldia murrizteko neurriak hartzeko eskatu du.

Sindikatuarentzat "funtsezkoa" da patronalari soldatak igotzea eta negoziazio kolektiboan protagonismoa berreskuratzea eskatzea. "Gutxieneko soldataren igoera edo pentsioen igoera sinatzeko profilean jartzen den patronal horri esaten diogu ez dugula onartuko berriro erosteko ahalmena galtzea. Patronala, orain sortzen den aberastasuna banatzeari uko egiten diona".

UGTrentzat beharrezkoa da erabateko enpleguaren aldeko apustu irmoa egitea, soldata-debaluazioaren, lan-prekarietatearen eta kanpo-malgutasunaren formula zaharra ez bezalako parametroetan, enpresak ziklo ekonomikora lehentasunez egokitzeko modu gisa. 

Bestalde, sindikatuarentzat ere zaintza-estrategia indartsua hedatzeko unea da, zerbitzu publiko guztiak eta herritarrei arreta emateko zerbitzuak berreskuratzearen esparruan.

CCOO eta UGTk manifestazioak batera deitu dituzte Enplegu betearen alde: Lanaldi laburragoa, soldata hobeagoa leloarekin Bilbon (11:30etan), eta Gasteizen eta Donostian 12:30etan.

ESK

ESK sindikatuak Maiatzaren Lehenerako deialdian salatu du "gobernuak eskaintzen duen menua garestia eta txarra dela". Mendiak eta nekazaritza eta abeltzaintza lurrak industrializatuz garraiorako megaegituretan edo energia berriztagarriko megaproiektuetan inbertitzea garestia eta gaixotu egiten gaituztela azpimarratu dute. 

ESK sindikatuak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan Hain errezetek ez digute balio. Gure errezeta: Desazkundea, eskubideak, zerbitzu eta zaintza publikoak leloarekin. Oreretatik 09:45etan abiatuko da manifestazioa eta eguerdian Donostian egingo dute ekitaldia. Bilbon 11:30etan hasiko dira aldarrikapenekin, Iruñean 12:00etan eta Gasteizen 12:30etan.

IPAR EUSKAL HERRIA

Ipar Euskal Herriko hainbat sindikatu eta eragilek Maiatzaren Lehenerako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte Fatalitaterik ez da. Ontasunen banaketaren alde! lemapean. Aberastasunen banaketa eta langileen antolaketa izango dira aldarrikapen nagusiak.

Deitzaileen iritziz, "erreformaz erreforma, krisiz krisi, politika liberalek berdintasun ezak handitzen dituzte". Pobrezia gora ari dela eta langileen erosahalmenak "apaltzen jarraitzen" duela salatu dute. Mobilizazioa 11:00etan abiatuko da Baionan.

Mobilizazioen deitzaileak LAB,CGT, FSU, CFDT eta ETORKINEKIN -Solidarite migrants- sindikatu eta eragileak dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK