Aldarriz bete dituzte kaleak Maiatzaren Lehenean

Milaka lagun atera dira kalera langilearen nazioarteko eguna ospatzeko. Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian ez bezala, mobilizazio bateratua egin da LAB sindikatuaren presentziarekin

LAB sindikatuaren manifestazio jendetsua, atzo Iruñean | Argazkia: LAB LAB sindikatuaren manifestazio jendetsua, atzo Iruñean | Argazkia: LAB

Giro eskasak, eta egun guztian zehar egindako euriteek ez dituzte zapuztu Maiatzaren Leheneko ekitaldiak, eta ehundaka lagun kalera atera dira Euskal Herrian, langilearen nazioarteko eguna ospatzeko. Hego Euskal Herrian babes handiena duten bi sindikatuak, ELA eta LAB, bakoitza nor bere aldetik joan da. Bestalde, CCOO eta UGT batera mobilizatu dira eta sindikatu txikiak ere protesta bateratua egin dute. Baionan LAB beste gainontzeko alderdiekin atera da Maiatzaren Lehenean kalera.

ELA

ELA sindikatuak Iruñeko eta Bilboko kaleak bete ditu aldarriz Maiatzaren Lehenean, baina zuzendaritzako kide gehienak Bizkaiko hiriburuan egin den protestaldian izan dira. Sindikatuko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, Eusko Jaurlaritza berria osatzeko atarian, mezu bat helarazi dio hurrengo lehendakariari: "Gatazka sozial eta laboralak zabalik jarraitzen dute, zerbitzu publikoek inbertsio handiagoa behar dutelako; Osakidetza berreskuratu behar delako, zaintza sistema publiko bat behar dugulako, eta etxebizitza politikak errotik aldatu behar direlako negozioa izateari utzi eta benetan eskubidea izan dadin. Norabide aldaketa behar da orain arte egin ez dena egiteko"

Lakuntzak, ezkerrak erakundeetan oposizio "handiagoa" egitea eskatu du: "Ezkerrak herri akordioak proposatzen ditu patronalaren alde daudenekin, pribatizazioa eta botere ekonomikoen aldeko fiskalitatea bultzatzen dutenekin". Ekitaldia ELAk konfrontazioaren eta erakunde sindikalaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela nabarmenduz amaitu du.

LAB

LABek 50. urteurrena ospatzen egin ditu aurtengo Maiatzaren Leheneko aldarrikapenak. Manifestazio nazionala egin dute Iruñean, eta Anaitasuna kiroldegian eman diote amaiera mobilizazioei. Sindikatu abertzaleak "lana, zaintza eta aberastasuna banatzeko" aldarria egin du, munduko hainbat herrialdetako beste sindikatu batzuen babesa izan duen ekitaldian.

LABeko koordinatzaileak, Garbiñe Aranburuk, internazionalismoa izan du hizketagai hasieran. "Bizitza duinak eta bizigarriak” amesten dituzten herri guztiei elkartasuna adierazi die, inperialismoa eta kapitalismoa munduko langile guztien etsai diren eta esplotazioa, prekarizazioa edota gerra dakarten honetan.

Euskal Herrira etorrita, langileak lanean gaixotzen eta hiltzen jarraitzen dutela gogoratu du, eta patronalaren inpunitateari aurre egiteko beharra azpimarratu. 50. urteurrena ere izan du gogoan eta 50.000 afiliatuen langa igaro berri dutela azpimarratu du.

Lantokietan, kalean zein instituzioetan borroka egitera deitu dute LABeko koordinatzaile orokorrek. Igor Arroyok Euskal Herriaren etorkizuna "idatzita ez dagola" adierazi du, eta eremu sindikalean, sozialean zein instituzionalean ezker independentista hazten ari dela eta badagoela alternatiba.

CCOO eta UGT

CCOO eta UGTk batera egin dituzten mobilizazioetan lanaldia murriztea eta soldatzak igotzea izan da aldarrikapen nagusia aurtengo Maiatzaren Lehenean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak Enpleguaren alde. Lanaldi motzagoa, soldata hobeak lelopean. Gasteizen egindako protestan, Xuria Arzak UGTko berdintasun eta gizarte politiketako idazkariak, prekaritatearen arazo nagusia soldata txikiak direla eta enpresariak mozkin "erraldoiak" pilatzen ari direla salatu du.

GKS

Maiatzaren Leheneko protesta jendetsuenetako bat egin du Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon, Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean. Haien esanetan, "burgesiaren boterea kolpatu eta langileen interesen menpe egongo diren instituzioen sorrera ahalbidetuko duen prozesua bultzatzeko" atera dira kalera. GKSren ustez, irtenbidea ezkerrak zein eskuinak egindako promesetik kanpo dago, haren ustez instituzioetako alderdi guztiak ari direlako austeritatean oinarritzen den oligarkien agenda babesten. 

IPAR EUSKAL HERRIA

Aurtengo Maiatzaren Lehenak irudi ezberdin bat utzi du Baionan. Lehen aldiz, intersindikalean onartu dute LAB, eta beste sindikatuekin batera Langileok, fatalitaterik ez! Ondasunen banaketaren alde borroka gaitezen! lemapean batera irten dira sindikatu guztiak. Ondasunen banaketa hobea eskatu dute eta Frantziako Gobernuaren jarrera egoskorra jarri dute jomugan. 

Dominique Pons CGT sindikatuko ordezkariak LABen presentziari garrantzia kendu nahi izan dion arren, Eñaut Aramendi sindikatu abertzaleko kideak segregazio sindikalik gabe egiten den lehen mobilizazioa dela gogorarazi du: "Egia da iazkoa egoera oso konplikatua izan zela (erretreten erreformaren kontrako protestetatik kanpo utzi zuten LAB). Aurten lortu dugu Maiatzaren Lehena gehiengo sindikal batean antolatzen".

Protesten amaieran, adierazpen bateratua irakurri dute denen artean, eta "bestelako aberastasunen banaketa" aldarrikatu dute. Harago joan dira: "Hemen gaude inoiz onurarik jaso gabe aberastasunak sortzen dituztenen ahotsak entzunarazteko". 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK