Arrantza eskola berria ireki dute Ondarroan, sektore nautikoa bultzatzeko

Itsasertzeko nabigazioko eta arrantzako erdi mailako ziklo berri bat eskainiko da

Euskal arrantza ontziak | Argazkia: iStock Euskal arrantza ontziak | Argazkia: iStock

Ondarroako arrantza eskola berria inauguratu berri dute, Antiguako Ama Arrantza Eskola izenpean, Bizkaiko eta, bereziki, Lea Artibai eskualdeko itsas arrantzaren sektorea bultzatu asmoz. Bittor San Millan eskolako zuzendariak esan duenez, “ez dago sektoreko eskaria betetzeko belaunaldi erreleborik”, eta hori izan da Kantauri isurialdeko arrantza porturik garrantzitsuenetako batean eskola berria egin izanaren arrazoietako bat.

Arrantza eskola berriak 2.500 metro karratu ditu eta 2,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin dute. Itsasertzeko nabigazioko eta arrantzako erdi mailako ziklo berri bat eskainiko dute, gainerako hezkuntza-eskaintzarekin batera: itsas mekanikako erdi mailako gradua, alturako patroiaren goi mailako gradua, eta makinen goi mailako gradua. Halaber, ikastetxeak Ethazi metodologia berritzailea jarriko du abian datozen hilabeteetan, ikasleek erronka eta proiektuen bidez lan egiteko.

Arautu gabeko prestakuntza hezkuntza eskaintzan ere sartuko da, lanbide ziurtagiri berriekin. Hala, besteak beste, sakonera txikiko urpekaritza profesionaleko ikastaroak ere eskainiko dituzte Ondarroako portuan, itsas arrantzako prestakuntza osatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK