Automobilgintza sektorearen fakturazioa %11,5 hazi da urtebetean

Orotara 25.000 milioi fakturatu dira 2023an. Acicae klusterraren arabera, emaitza hauek "markak hautsi" dituzte

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Automobilgintza sektoreak 25.023 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan, 2022an baino %11,5 handiagoa. Acicae EAEko automozio sektoreko klusterrak ohar bidez azaldu duenez, emaitza horiek "markak hautsi" dituzte eta enpresen kudeaketa egokiaren ondorioz izan direla azpimarratu dute. Gainera, kopuru horrek Gasteizko Mercedes Benz enpresaren jarduera kontuan hartzen ez duela gehitu dute.

Klusterraren arabera, emaitza horiek enpresen kudeaketa "doituaren", bezeroen, merkatuen eta teknologien dibertsifikazioaren eta "kontinente guztietan zentzu onean aritu diren" ibilgailuen ekoizpen-eskariaren ondorio dira. Produkzioaren %90 inguru atzerrian saldu zela gaineratu dute, eta horren erdia Europatik kanpo.

Enpleguari dagokionez, sektoreko 740 produkzio-plantetan 140.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean nazioartean, eta horietatik 38.480 langile Euskal Autonomia Erkidegoan daude. Halaber, bertako enpresek fakturazioaren % 3,5 inguru bideratu dute I+G+b arlora, iaz baino gehiago.

Aurtengo urterako aurreikuspenak "nahiko baikorrak" dira, klusterraren esanetan, eta ibilgailuen fabrikatzaileen proiektuak finkatzeko moduaren eta kontsumitzaileen indar ekonomikoaren araberakoak izango direla argitu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK