Bilbobuseko langileek egun osoko greba egingo dute gaur

Bihar Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileak daude grebara deituta, baliabidea falta salatzeko asmoz

Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileak bihar daude grebara deituak | Argazkia: iStock Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileak bihar daude grebara deituak | Argazkia: iStock

Grebara daude deituta gaur Bilbobuseko langileak, eta egun osoko lanuztea egingo dute. 24 orduko lehen greba eguna izango da, eta datozen asteetan, hilaren 20an, 25ean eta 27an, beste hiru greba egun egingo dituzte. Haien aldarria lan-hitzarmen berria sinatzea da. Apirilaren 9an, greba mugagabeari ekingo diote.

Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak onartu du "gaur-gaurkoz" ez dutela Bilbobusen gatazkari irtenbidea emateko modurik aurkitu. Gaineratu du "berme legalak" izango dituen akordio bat bilatzen ari direla, orain artekoek ez baitutelako izan.

Langileen lan-hitzarmena 2021ean iraungi zen, eta ordutik ez dute soldaten taula berritzerik izan, baina Abetek enpresa "adostutako zerbitzua ematen eta langileei hitzartutakoa ordaintzen" ari dela adierazi du. Zinegotziaren esanetan, langileak "zilegitasunez" ari dira soldata igoera eskatzen, "2021etik izoztuta" dutelako.

Bihar, Bizkaibus eta Euskotreneko langileak

ELAk jakitera eman duenez, Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek greba egingo dute astearte honetan, hilaren 19an. 2.500 langile baino gehiago deitu dituzte lanuztera, eta giza baliabide eta baliabide teknologikoen falta salatuko dute, baita egoera honek eragindako kaltea.

Grebaz gain, manifestazioa egingo dute goizeko zortzietan EiTBren Bilboko egoitzatik abiatuta. Donostian ere 11:30etan elkarretaratzea egingo dute Easo plazan. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK