Bilboko Portuak AEBko ekialdeko kostarekin lotura zuzena duen edukiontzi zerbitzua jarri du martxan

Bilbo eta New Yorken arteko zuzeneko konexioari esker, garraioaren denbora nabarmen gutxituko da

New Yorkera abiatu den lehen ontzia | Argazkia: Bilboko Portua New Yorkera abiatu den lehen ontzia | Argazkia: Bilboko Portua

USX-United States Express izeneko zerbitzu berriak Bilboko Portua eta AEBko ekialdeko kostaldea lotuko ditu itsaso bidez. Astero egingo den zerbitzua izango da eta 3000 TEUtik gorako (itsas garraioaren edukiera neurtzeko unitatea, edukiontzitan adierazten dena) edukiera duten edukiontzi ontzien garraioa izango da. Gaur bertan abiatu da lehen ontzia eta, aurreikuspenen arabera, zamalanen 171 mugimendu egingo ditu.

Bilboko Portuak azpimarratu duenez, zerbitzu berriaren abantailetako bat denboran izango duen murrizketa nabarmena izango da, zuzeneko konexioa izanik, inportazioetan 15 egun eta esportazioetan 18 beharko dituelako Bilbo eta New York arteko konexioan.

“Eskaintza oso lehiakorra da, eta bi eremuen arteko merkataritza harremanak oso garrantzitsuak dira” nabarmendu dute Bilboko Portuko agintariek. Halaber, pozik dira Portuak nazioartean duen kokapen geoestrategikoa nabarmentzeko aukera izango dutelako: “Estatu Batuak dira Europar Batasunetik kanpora ditugun bazkide nagusiak eta, beraz, zerbitzu berri honek konexioen eta negozioen hazkundea ekarriko digu”, adierazi dute.

Ellerman City Liners enpresa britainiarrak bultzatutako zerbitzua da, eta bere estrategia korporatiboaren parte da Bilboko Portuaren alde egin duen apustua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK