Bilboko portuak itsas korredore digitalak garatzeko lankidetza adostu du Portsmouth-eko portuarekin

Euskal portuak e-puertobilbao plataforma digitala garatu du, salgaien eta ontzien kudeaketan eraginkortasun, segurtasun eta trazabilitate handiagoa lortzeko asmoz

Ian Palacio Portsmouth-eko portuko negozio garapenaren arduraduna eta Andima Ormaetxe Bilboko portuko eragiketa, merkataritza, logistika eta estrategia zuzendaria | Argazkia: Bilboko Portu Agintaritza Ian Palacio Portsmouth-eko portuko negozio garapenaren arduraduna eta Andima Ormaetxe Bilboko portuko eragiketa, merkataritza, logistika eta estrategia zuzendaria | Argazkia: Bilboko Portu Agintaritza

Bilboko Portuak akordio berri bat egin du Portsmouth-eko (Erresuma Batua) portuarekin. Bi portuen arteko salgai nahiz bidaiarien garraioa erraztu nahi dute, eta horretarako teknologian oinarrituko dira, azpiegiturak hobetzeko asmoz. Halaber, lankidetzak bi portuen artean itsas korredore berdeak eta digitalak garatzea ahalbidetuko duela jakinarazi du Bilboko Portu Agintaritzak.

Ohar batean adierazi dutenez, transbordadore eta gurutzaontzien terminaletan bidaiariak eta salgaiak maneiatzeko sistema aurreratuen eta automatizazio-azpiegituren erabilera sustatuko dute. Euskal portuak e-puertobilbao plataforma digitala garatu du, salgaien eta ontzien kudeaketan eraginkortasun, segurtasun eta trazabilitate handiagoa lortzeko, eta Portsmouth-ekoak terminal elektroniko bat sortzeko lanak abiatu ditu.

Bi portuek lurretik ontziak energiaz hornitzeko proiektuak dituzte martxan. Bilboko Portu Agintaritza Bilb0PS proiektua gauzatzen ari da, 78 milioi euroko inbertsioa eginda. Proiektu honekin kaia elektrifikatu eta bertan dauden itsasontziei energia berriztagarria eskainiko die. 2026rako martxan egotea espero dute.

Gaur sinatu dute hitzarmena Ian Palacio Portsmouth International Port-eko negozio garapenaneko arduradunak eta Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza, Logistika eta Estrategia zuzendariak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK