EAEko administrazioetako zerga bidezko diru-sarrerek %8,5 egin zuten behera 2020an

Finantza-erakundeekiko epe luzeko zorra 12.587 milioi eurokoa zen 2020 amaieran, BPGren %17,6

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

2020an, pandemia hasi zen urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udal-administrazioek) zerga bidezko diru-sarreretan % 8,5eko jaitsiera erregistratu zuten, Eustaten datuen arabera.

Zerga-beherakada handienak sozietateen gaineko zergak eta zerga bereziek ekarri dituzte, %19,4ko eta %16,8 beherakadak izan baitituzte. Hala ere, PFEZ eta BEZa dira pisu handiena dutenak, %38,5eko eta %35,3ko ekarpena egiten baitiote guztizkoari. BEZari dagokionez, diru-sarrerek %13,4 egin dute behera 2019aren aldean eta PFEZk %0,7ko beherakada izan du.

Bere aldetik, bilakaera positiboa izan dute udal-zergek, %3,9 egin dute gora, baina, kontuan izan behar da zergen %5,2 baino ez direla.

Gastu arruntek berriz, %4,2ko igoera izan dute. Igoera hori, batez ere, transferentzia arrunten partidak eragin du, gastu guztien %30,1eko pisua izanik, %6,6ko igoera izan baitu 2019aren aldean. Bigarrenik, langileen gastuen partidek, gastu guztien gainean %21,6ko pisua izanik, %3,0 egin dute gora. Azkenik, bestelako gastu arrunt batzu %2,9 hazi dira.

Erakundeen arabera, Eusko Jaurlaritzak 638 milioiko aurrekontu-saldo ez-finantzario negatiboa erregistratu du. Lurralde-mailako administrazioen artean (Foru Aldundiak eta toki-erakundeak), Gipuzkoa da saldo negatiboa duen lurralde bakarra, 24 milioi eurokoa. Beste bi lurraldeek saldo positiboak izan dituzte, baina 2019an baino moderatuagoak.

Zor bizia (erakundeek finantza-erakundeekin epe luzera dituzten maileguen ondorioz ordaintzeko duten zorra) 2020ko abenduaren 31n, 12.587,1 milioi eurokoa izan zen, BPGren %17,6. 2020aren amaieran amortizatzeko zor bizi osotik, Eusko Jaurlaritzarena %79,9koa zen, Bizkaiarena %12,2koa, Gipuzkoarena %3,2koa eta Arabarena gainerako %4,7a.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK