EAEko Barne Produktu Gordina %1,9 haziko da 2024an, Jaurlaritzaren arabera

Aurreikusitakoa baino bi hamarren gutxiago haziko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia aurten

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua gaurko agerraldian | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua gaurko agerraldian | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak bi hamarren jaitsi du duela sei hilabete iragarritako aurreikuspen ekonomikoa, eta aurten Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia %1,9 haziko dela iragarri du. Are gehiago, 2025ean, Barne Produktu Gordina %2,1 igotzea espero baitu.

Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako azken datuak eskuan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak lehen hiruhilekoari dagokion txostena aurkeztu du. Aurreikuspenen arabera, 2024 eta 2025ko ekitaldietan 18.000 enplegu sortuko lirateke, eta langabezia tasa %7koa izango da 2024an, eta zertxobait txikiagoa, %6,6koa, 2025an.

Azterketaren arabera, 2024ko lehen hiruhilekoaren emaitzak baldintzatuko du EAEko ekonomiaren bidea. Izan ere, "ohi baino ziurgabetasun handiagoa dago" emaitza horren gainean. Hori horrela, aitortu duenez, "urteko lehen datu koiunturalak ez dira positiboak".

Halaber, munduko ekonomiaren egoera egonkortuta ez dagoela azaldu du Azpiazuk. Besteak beste, inflazio oraindik ere handiak, edota Txinak Alemaniako produktuen eskaria nabarmen jaitsi izanak euroguneko hazkunde-erritmoaren "dezelerazio handia" ekarri du. Hala, horrek guztiak eragina du EAEko ekonomian. 

Dena dela, urtearen bigarren seihilekoan bilakaera goranzkoa izango dela aurreikusten du Jaurlaritzak. Ekainetik abendura, moneta-politika erlaxatzea espero da,
eta, ondorioz, interes-tasa baxuagoak eta beheranzko joerakoak espero direla argitu du sailburuak. 

Barne eskaria %2,1 izango litzateke urte osoan, eta esportazioek %0,2 atzera egitea espero da abendura bitartean. Arlo horretan, ziurgabetasun nagusia lehentasunezko bazkide komertzial batzuen testuinguru ekonomikoari lotuta dago, bereziki Alemaniarenari. 

Zerbitzuen sektoreari dagokionez, dinamikak euskal ekonomiaren hazkundeari tiraka jarraitzen duela argitu du Jaurlaritzak. 2023an % 2,4ko hazkundea izan ondoren, espero da hurrengo urteetan jardueraren hazkundea % 2tik gorako urteko erritmoan handitzea. Lehen sektorearen bilakaera ona ere azpimarratu nahi izan du,% 2,6, 2024an, eta % 4,7, 2025ean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK