EAEko esportazioak %10,2 apaldu dira 2024ko otsailean

2.624 milioi euroko esportazioak eta 2.116 milioi euroko inportazioak egin dira denera otsailean. Laugarren hilabetez jarraian, esportazio gehienak Frantziara egin dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Eustatek argitara eman dituen datuen arabera, otsailean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak %10,2 egin dute behera, iazko epe berarekin alderatuz gero. Aurten, 2.624,2 milioi euroko esportazioak izan dira guztira. Hala, produktu ez-energetikoak izan dira beherakadaren erantzule nagusiak, izan ere, %11,3 egin dute behera.

Inportazioei dagokienez, 2.116 milioi eurokoak izan dira otsailean, iazko epe berean baino %3 gutxiago. Kasu honetan, produktu ez-energetikoen jaitsiera %6,3koa izan da eta produktu energetikoek, aldiz, %10,9ko igoera izan dute.

Hiru lurraldetan egin dute behera esportazioek, gehien bat Araban, izan ere jaitsiera %17,1ekoa izan da. Bizkaian %10,4 apaldu dira esportazioak eta Gipuzkoako beherakada %2,4koa izan da, iazko otsailarekin alderatuta.

Era berean, esportazio gehienak Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Italiara bideratu dira, guztikoaren %51,9. hain zuzen. Laugarren hilabetez jarraian, esportazioen rankingeko lehen postuan dago Frantzia. Hala, Frantziara ailegatutakoak 426,5 milioi eurokoak izan dira, Alemaniakoak 364,7 milioi eurokoak eta Erresuma Batua eta Estatu Batuetakoak 220,4 milioi eurokoak.

Bestalde, inportatutako salgai gehienak (%57) Europako Batasunako herrialdeetatik etorri dira otsailean, Frantzia izanda herrialde garrantzitsuena 195,3 milioi eurorekin. Jarraian datoz Estatu Batuak (137,1 milioi euro) eta Italia (120,1 milioi euro).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK