Enplegu Publikoaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten 100.000 langileren jarduna arautuko du. Europako Batasunetik kanpokoek ere aukera izango dute, besteak beste, Osakidetzan lan egiteko

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria osoko bilkuran | Argazkia: Eusko Legebiltzarra Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria osoko bilkuran | Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Enplegu Publikoaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak osoko bilkuran. Legeak garapen profesionalaren alderdi guztiak arautzen ditu, eta euskal enplegu publikoaren eredu propioa definitzen eta finkatzen du. Hala, 1989tik indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legea ordezkatuko du, aurreko hiru legealdietan legea berritzeko saioek porrot egin ostean.

Legearen berrikuntzen artean dago Europar Batasunetik kanpokoek ere aukera izango dutela EAEko administrazioko esparru jakin batzuetan lan egiteko, betiere aldez aurretik horretarako “lege sektorial” bat onartzen bada. Aldaketa horrekin langileen faltari erantzun nahi zaio batez ere, Osakidetzan, nagusiki. Hala ere, Osakidetzarako bakarrik ez, informazio eta komunikazio teknologiekin lotutako lanetarako eta segurtasunerako (Ertzaintza eta udaltzaingoa) aurreikusita dago berrikuntza hori.

Halaber, legeak “genero berdintasunaren printzipioak” ere txertatzen ditu eta “desgaitasun intelektuala” dutenentzat ere berrikuntza batzuk jasotzen ditu.

Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien (EAJ eta PSE) aldeko botoarekin eta PP+Cs koalizioaren abstentzioarekin atera da aurrera lege berria. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos IUk eta Voxek, ordea, aurka bozkatu dute.

Sindikatu guztiek ere legearen aurkako jarrera hartu dute, egokia ez dela iritzita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK