Enplegua erdigunean eraldaketa testuinguruan

Trantsizio demografiko, ekologiko eta teknologikoak inpaktua izan dute eta izango dute enpleguan. Lan merkatuan aldaketa nabaria gertatzen ari bada ere, hausnarketarako tresna izan nahi du Euskadiko Enplegu Zuriaren Liburuak. Atzo aurkeztu zen Workinlan kongresuan

Sara de la Rica Iseak Fundazioko zuzendaria, Enpleguaren Liburu Zuria aurkezten | Argazkia: EnpresaBIDEA Sara de la Rica Iseak Fundazioko zuzendaria, Enpleguaren Liburu Zuria aurkezten | Argazkia: EnpresaBIDEA

Pertsona batek batez beste bere bizitzako 8 eta 9 urte bitarte igaroko ditu lanean, lan ordu guztiak pilatuz gero. Hori, betiere, astean 40 ordu lan egiten, 40 bat urtez. Lana, enplegua, gizakion bizitzetan ardatzetako bat izan ohi da, eta gizartea eraldaketa bete-betean murgilduta dagoenez gero, ezinbestekoa dirudi horri buruzko gogoeta bultzatzea. “Hausnarketa esparruak behar ditugu, askotariko gizarte eragileek hartu beharreko neurriei buruz modu partekatuan pentsa dezaten. Elkarlan zintzoak eta sakonak behar ditugu, merkatuak bere horretan gizarte arrakalak handitu besterik ez dituelako egingo”, dio Sara de la Rica Iseak Fundazioko zuzendariak.

Horixe da, hain zuzen ere, Euskadiko Enpleguaren Liburu Zuriaren helburua, ebidentzian oinarrituriko hausnarketak eta proposamenak biltzea eta bultzatzea, nahiz eta zenbait alderdi ez diren guztiz berriak. Lana Iseak Fundazioak berak egin du, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak babestuta, eta atzo aurkeztu zuen De la Ricak egunotan Bilbon egiten ari den Workinlan kongresuan.

Enplegua industria politikaren gako

Liburuak eskaintzen duen alderdi berritzailenetakoa da politika industrialean “enplegu ikuspegia” deritzona txertatzea. Harvardeko bi ikertzaileren proposamena du abiapuntu, . “Helburua da erakunde publikoek pentsatzen dutenean enpresei laguntzea berrikuntza —batez ere teknologikoa— sustatu dezaten, erabakien fokua jartzea enplegua sortzeko potentzial gehiena duten egitasmoetan, eta gutxiago pertsonak alde batera utzi ditzaketenetan”, adierazi du De la Ricak.

Horrek eskatzen du batez ere enpresa pribatuen eta publikoen arteko harremantze eredua aldatzea. Liburuaren gakoetako bat da. “Azpimarratzen du harreman horiek aldatu behar direla, saretze sakonagoa bultzatuta. Bestela esanda, enpresak erakundeen bezero bihurtzen dira, baina trukean konpromisoa hartzen dute enplegu onak sortu eta mantentzeko”, nabarmendu du Iseakekoak.

Sara de la Rica: “Helburua da erakunde publikoek pentsatzen dutenean enpresei laguntzea berrikuntza sustatu dezaten, erabakien fokua jartzea enplegua sortzeko potentzial gehiena duten egitasmoetan"

Halako praktikak ez dira guztiz ohikoak, baina zenbait sektore eta herrialdeetan ezarri dira. “Esaterako, Italia, Ingalaterra edo Estatu Batuetan. Eta enpleguan nahiko arrakasta izan dute”, plazaratu du De la Ricak.

Horrekin batera, bizitza osoko prestakuntza, lan bizitzaren luzapena edo langileen partaidetza handitzeko pizgarriak bultzatzea erabakietan dira beste proposamen batzuk.

Lan eta lanpostu berriak

Aldaketa bultzatzea, ez soilik industrian, baizik eta enpleguan oro har, ezinbestekoa da batez ere trantsizio klimatikoa, demografikoa eta teknologikoa bertan direlako. Azken hori da lan esparrua gehien eraldatzen duena, eta eraldatuko duena. Batetik, lan asko automatizatzen direlako; bestetik, lanpostu berriak sortzen direlako. “Horrek ahalbidetuko du gogoko ez ditugun lanak makinek egitea, baina aurreikusi behar dugu gizakiok zein lan egin ditzakegun haiekin, enplegurik gabe ez geratzeko. Gainera, plataformen bitartez egin daitezken lanak erregulatzen ez badira, oso prekarioak izan daitezke”, adierazi du De la Ricak.

Gainera, eraldaketa teknologikoa, globalizazioarekin batera “lan-dualtasuna” eragiten ari dira. “Lanean ari den populazioaren parte batek oso enplegu onak ditu, eta bestea atzean geratzen da, oso enplegu ezegonkorrekin, soldata baxuekin eta lanerako proiekzio txikiarekin. Horrek eragiten dio klase ertain gisa izendatu dugunari, baina, batez ere, migratzaileei eta hezkuntza maila baxuko pertsonei, eraldaketak hezkuntza maila altuko pertsonak saritzen baititu”, azaldu du Iseakekoak.

Sara de la Rica: “Lanean ari den populazioaren parte batek oso enplegu onak ditu, eta bestea atzean geratzen da, oso enplegu ezegonkorrekin, soldata baxuekin eta lanerako proiekzio txikiarekin"

Horretan, gako gisa azpimarratzen ditu liburuak ekoizpen aurreko etapak, alegia, hezkuntza, 0-2 urtekoa indartuta, eskola segregazioa murriztea, ikaskuntza aplikatuagoa sustatzea eta ikasleen orientazio-zerbitzuak indartzea. Era berean, migratzaileei pertsonen gizarteratzea eta laneratzea indartzeko politikak ere gakotzat jotzen dira.

Eragiteko esparruak

Hala ere, liburuan bildutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa “posizio onean” dago bai eraldaketa teknologikorako, bai klimatikorako, nahiz eta “etxeko-lanak” izan, batez ere lankidetza publiko-pribatuari dagokionez.

Trantsizio demografikoan, ordea, datuek diote jaiotza-tasa txikien eta bizitza-luze tasa handienetarikoa duen lurraldeen artean dagoela. “Beraz zahartzeari aurre egin behar diogu. Zenbait esparru topatu ditugu aurre egin beharko diegunak, horietan langile falta izango dugulako 20 urte barru”.

Proposamenaren oinarrietako bat "enpleguen onen ekonomia" sustatzea da. "Enplegu egonkorrez ari gara, soldata duinekin eta lan-proiekziorako ahal den guztia eskainiko dutenei buruz

Horrekin batera, badira eragiteko beste esparru batzuk ere. “Ikusi dugu Euskadin 55 eta 65 urte bitarteko pertsonen parte hartzea beste tokitan baino askoz baxuagoa dela. Guretzat eragiteko esparrua da kasu horretan lortzea kolektibo horrek lanean jarrai dezan 65 urte bete arte”, adierazi du De la Ricak. Emakumeena da identifikatutako beste alderdi bat. “Atzeman dugu gizonezkoek baino intentsitate gutxiagorekin egiten dutela lan, batez ere ama izan ondoren, nahiz eta eurak lan egin nahi izan. Hori da eragiteko beste esparru bat”, gehitu du.

Edozein kasutan, proposamenaren oinarrietako bat "enpleguen onen ekonomia" sustatzea da. "Enplegu egonkorrez ari gara, soldata duinekin eta lan-proiekziorako ahal den guztia eskainiko dutenei buruz. Eta horrekin batera, tresnak eskaintzea da beste gakoa, enplegua dutenek hura babestu ahal izateko, eta galdu dutenei laguntzeko. Bigarren kasu honetan, egokiak izango diren enplegu politika aktiboak behar dira, orientazio, formakuntza eta bitartekaritza lan aproposarekin", nabarmendu du Iseakekoak. Arestian aipatutakoez gain, bizitza osorako prestakuntza eta kontziliazio politikak indartzea ere azpimarratzen dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK