Euskarazko material akademikoa eta musika izan dira Sarrikoko Euskararen egunaren protagonistak

Enpresa eta Ekonomia fakultateak gaur goizean egin du ospakizuna

2022ko Sarrikoko euskararen eguna | Argazkia: EnpresaBIDEA 2022ko Sarrikoko euskararen eguna | Argazkia: EnpresaBIDEA

Egutegi akademikora egokitzeko asmoz, gaur ospatu dute Euskararen eguna Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia fakultatean. Unai Tamayo Orbegozo dekanordetzako eta Euskara Batzordeko kidearen hitzekin hasi da ordu eta erdiko saioa. Tamayok aurkezle-lanak ere egin ditu, eta gogorarazi du NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako hamazazpi Helburuez gain, Enpresa eta Ekonomia fakultatean badutela hemezortzigarrena ere: hizkuntza eta kultur aniztasuna, eta horren baitan euskarak duen toki propioa bultzatzea. Horren parte da, hain zuzen, Ibone Bilbao ikasle ohi eta Berbaizu euskara elkarteko kideak aldarrikatu du euskaraz ikasteko material erabilgarriaren beharra, baita lanerakoa ere.

Bilbaoren aldarrikapenak jarraian etorri denaren sarrera gisa balio izan du. Izan ere, euskaraz dagoen material akademikoa izan dute hizpide lehenik. Mikel Erkoreka EHUko iralaske eta Itunako kideak hizkuntzak ikerketan eta erabilera teknikoan dituen erronkak azpimarratu ditu, bai orokorrean, baita euren espezialitatean ere. Besteak beste, mahaigaineratu du egoera asko hobetu izanagatik ere, oraindik gradu batzuk ezin direla euskaraz bukatu, eta ingelesa txertatzea ezin dela "euskararen kaltetan" izan. Euren espezialitatean, berriz, terminologia bateratua zehazteko egin beharreko lana edo akademikoki eta zientifikoki argitaratzeko mugak aipatu ditu.

Haren aurretik aritu dira EHUko beste hiru irakasle: Ainhoa Saitua —Ekonomisten Elkargoko Euskara Komunitateko kidea ere badena—, Galder Guenaga eta Jorge Gutierrez. Hiruek ala hiruek norbere ikerketa lanetan garatutako materiala aurkeztu dute. Saitua Ekonomistakek duela hilabete batzuk aurkezturiko Kontabilitate eta Auditoretza Hiztegi Terminologikoaz aritu da, eta tresna "baliagarri eta eraginkorra" dela azpimarratu du, batez ere lan arloko sektore guztietan duelako presentzia.

Guenagak genero-ikuspegia txertatzen duten enpresen zuzendaritza- eta administrazio-kasuen manuala balioan jarri nahi izan du. Espainiako gobernuko Instituto de la Mujerrekin garaturiko proiektu bat du abiapuntu manualak, non emakumeak zuzendari diren sei enpresa kasu aztertu zituzten. "Negozio-eskola onenetako kasuen %11k zuten soilik emakumezko protagonista", azaldu du. Manuala originalki gazteleraz egin bazen ere, hiru liburutan euskaratzen ari dira —bi kasu bakoitzean—. Dagoeneko bi daude eskuragarri, eta hirugarrena 2023an iritsiko da. Manuala, baita beste zenbait argitalpen ere, doan topa daitezkeela ere gogorarazi du Guenagak.

Azkenik, Gutierrezek Ekaia Zientzia eta Teknologia aldizkariaz aritu da. Garapen jasangarrirako helburuek zenbaitetan hazkunde ekonomiak eskatzen duenarekin topo egiten dutela ere azaldu du, eta agenda ikuspegi kritikotik begiratzea ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Musika eta garapen ekonomikoa

Euskarazko material akademikoaz harago, musika izan da jardunaldiko beste protagonista. Horri lotuta, 160 metros: una historia del rock en Bizkai dokumentalaz aritu da Alberto Fierro EHUko irakasle eta filmaren zuzendaria. Lana Joseba Gorordorekin batera zuzendu zuen, eta euskara eta gaztelera uztartzen ditu. Duela bederatzi urte estreinatu bazuten ere, oraindik "gaurkotasun kutsua" duela uste du Fierrok. "Gure helburua zen azaltzea punk eta rock musikaren bidez nola izan zen Bilbo Handiko eraldaketa, bai ekonomikoki, bai kulturalki, modu dibulgatibo baten", plazaratu du. Izenburuak erreferentzia egiten dio, hain zuzen, Ezkerraldea eta Eskuinaldea banatzen dituen distantziari —160 metro—, nahiz eta dokumentalean jasotako adierazpen baten arabera, paradoxikoki, bi mundu izan hainbat zentzutan. Fierroren hitzaldiaz gain, dokumentalaren lehen partea proiektatu da aretoan —bost ditu guztira—, baina irekian ikusgai dago, Youtuben, baita Filminen ere.

1980ko eta 1990eko hamarkadako musika horretan inspiratuta dago Txopet rock taldearen musika, eta hain zuzen haien kontzertu txiki batek itxi du saioa. Horren aurretik, baina EnpresaBIDEAk aukera izan du proiektua bertaratuei aurkezteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK