Familia zaurgarrienek 150 eta 300 euro bitarteko dirulaguntzak jaso ahalko dituzte

"Oinarrizko beharrei" erantzuteko izango da, eta 2.500 familiei laguntzea da helburua

Beatriz Artolazabal sailburua | Argazkia: Mikel Arrazola/Irekia Beatriz Artolazabal sailburua | Argazkia: Mikel Arrazola/Irekia

Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo du familia zaurgarriei edo esklusio arriskuan daudenei laguntzeko. Hala iragarri du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean eginiko agerraldian. Hitzartuz programaren baitako partida horrekin 2.500 familien oinarrizko beharrak kubritu nahi dira. Bestela esanda, 10.000 pertsona ingururengana irits litezke.

Familia bakoitzak zenbat jasoko duen ezartzeko, kasu bakoitza aztertuko da —zor edo hipoteka bezalako karga ekonomikoak, karga familiarra, eta salbuespenezko egoerak—. Lehentasuna izango dute "modu berezian" adingabekoak edo erabateko zaurgarritasunean bizi diren familiak, "ahaztu gabe emakumeek eta adineko pertsonek bizi duten txirotasunerako eta esklusiorako arrisku are handiagoa" Lehenetsiko dira, era berean, inolako dirulaguntzarik jasotzen ez dutenak, DSBEtik kanpo geratzen direnak, alegia.

150 eta 300 euro bitarteko laguntzak emango dira, kide kopuruaren arabera. Kide bakarreko unitate familiarrek 150 euro egokituko zaizkie; lau kide edo gehiago direnen kasuan, aldiz, 300 euro. Gehienez ere ekarpen hori urtean hirutan jaso ahalko dute, zaurgarritasun kasu latzenetan izan ezik. Horietan, azterketa modu xeheagoan egingo da.

Laguntzak hainbat modutan erabili ahalko dira. Batetik, diru-zorro txartelak emango dira, Eroski, Mercadona eta Carrefourren gastatzeko, baita tokiko saltoki txikietan ere. Bestetik, aplikazio digital baten bitartez egunean zehar saltokiek saldu ez dituzten elikagaiak erosi ahalko dituzte, % 70eko deskontuarekin.

Zaurgarritasun egoeran laguntzeaz gain, lagungarri izan nahi du kontsumo ohiturak hobetzeko eta estigmatizazioarekin amaitzeko. Izan ere, horretarako programa eskaintzen du aplikazioak. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK