Gutxieneko soldata 82 eta 100 euro artean igotzeko eskatu dute sindikatuek

Patronaletako ordezkariak ez dira gutxieneko soldataren inguruko bilerara joan

Yolanda Diaz Lan ministroa agerraldi batean | Argazkia: Moncloa Yolanda Diaz Lan ministroa agerraldi batean | Argazkia: Moncloa

Goizean izan da Madrilen gutxieneko soldataren inguruko bilera. Espainiako Gobernuko, sindikatuetako eta patronaletako ordezkariek hartu behar zuten parte, baina enpresaburuak ez dira agertu. Hala, UGTk 100 euroko igoera eskatu du, eta CCOOk, berriz, 82 eta 100 euro artekoa.

Nahiz eta bilerara ez joan, patronaletako ordezkariek euren proposamena bidali diote Espainiako Gobernuari. Gutxieneko soldataren igoera 40 eurokoa izatea proposatu dute. Era berean, nekazaritza sektorean, enpresek langileen gizarte segurantzatik ordaintzen dutena %20 jaistea ere proposatu dute, patronalaren ustetan gutxieneko soldata zabalduen dagoen sektoreetako bat delako.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak, 2023an gutxieneko soldata igotzeko proposamenak astelehenean aurkeztu zituen aditu talde baten laguntzaz. Hala, datorren urteko igoera %4,6 eta %8,2 artean egotea proposatu zuen. 1.046 eta 1.082 eurorainoko igoerak ekarriko lituzke horrek, 2022ko gutxieneko soldata gordina 1.000 eurokoa baita, hamalau ordainsaritan.

Euskal Herrira etorrita, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Bere iritziz, Hego Euskal Herriko soldatak 1.400 eurokoa izan beharko luke, eta halako igoera Madrilen erabakitzea arazotzat jo du: “Ez daukagu eskumenik horri buruz Euskal Herrian erabakirik hartzeko, eta ondorioa da Madrilgo erreferentziak hartzen direla hemengoak beharrean”. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40.000 langile ingururi eragingo lioke soldata igoerak. Nafarroan, aldiz, 18.500 langile ingururi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK